140 txirrindularik hartuko dute parte Done Pedro Sari Nagusiaren 104. edizioan

2025/06/04
Igande honetan, ekainaren 8an, Done Pedro Sari Nagusiaren 104. edizioa ospatuko da Irunen, Irunes Txirrindularitza Taldeak antolatuta. 140 txirrindularik osatutako tropelak hartuko du irteera Irunen eta, 148 kilometroren ostean, berriz ere San Martzial kalean helmugaratuko dira, tartean lauzpabost bidasotar ere. Aurten, berrikuntza gisa, junior mailako Nafarroako eta Euskadiko gazteek ere izanen dute parte hartzerik.
140 txirrindularik hartuko dute parte Done Pedro Sari Nagusiaren 104. edizioan

Irunes Txirrindularitza Taldeak Done Pedro Sari Nagusiaren 104. edizioa antolatu du bertze urte batez. Estatu mailako txirrindularitza probarik zaharrena ekainaren 8an, igande honetan, ospatuko da 9:00etatik aitzinera. Irunen izanen du lasterketak irteera, baita helmuga ere. 148 kilometroko ibilbidea osatuko du afizionatu mailako tropelak, lau mendaterekin tartean: Basakabi (2. mailakoa), San Martzial (2. mailako), Erlaitz (1. mailakoa) eta Olaberria (3. mailakoa). Bertze edizioetan bezala, 140 txirrindulari ingurun hartuko dute parte, tartean lauzpabost bidasotarrek ere.

Aurreko urteetako ildo beretsua segitu dute Irunes Txirrindularitza Taldeko arduradunek Done Pedro Sari Nagusia proba osatzeko. Hala ere urtero aldaketa txikiak egiten dira, lasterketa momentuko beharretara egokitzeko, eta hala egin dute aurtengoan ere. Bukaera aldean egin dituzte edizio berri honetako aldaketak, nahiz eta ibilbidea bere horretan mantendu ahal izan duten kilometro gehienetan. Jorge Garcia kideak eman ditu 148 kilometroz luzatuko den ibilbidearen berri: “Urdanibiako Plazatik abiatu, Hernanira joan eta Basakabi pasatuko dute txirrindulariek, Nafarroa Garaian sartuz. Doneztebera jeitsi eta, Bidasoa ibaiarekin batera, Berara joanen dira Endarlatsaraino. San Martzial bilatuko dute orduan, eta Erlaitz geroago. Aurtengo edizioko mamia hemen egongo da. San Martzial malda pikoa da, bi kilometro luze ditu eta estua eta gogorra da. Hori jeitsi bezain laster, Erlaitz hasiko da. Azken honen jeitsieran ikusiko da sorpresaren bat dagoen edo ez. Azken urteetan bezala, Olaberriako maldatxoak erabakiko du guztia”. 

Garciak azaldu bezala, lau mendate izanen ditu guztira tropelak igandean, 2. mailako Basakabi, 2. mailako San Martzial, 1. mailako Erlaitz eta 3. mailako Olaberria. Hauek gainditzea eta Irungo San Martzial kaleko helmugara iristea izanen da aurtengo tropela osatuko duten 140 txirrindulariren helburu nagusia. Horietako lauzpabostek gainera, etxean jokatzearen abantaila izanen dute. Izan ere, zenbait irundar, eta bidasotarren bat ere, bertan izanen dira lehian, egunero bisitatzen dituzten errepideetan euren burua proban jarriz. Hostal Latorre taldeko Ivan Gomez eta Mikel Bermejo izanen dira horietako bi. Biak ere azpimarratu dute “etxean korritzea berezia” dela eta Bermejok gaineratu du “egutegiko hitzordurik garrantzitsuena” dutela igandekoa. Egunero entrenatzen dute errepide hauetatik eta hori ere abantailatzat jo dute bi irundarrek. “Jeitsierak arriskutsuak dira eta ezagutzen badira, hobeto”, azpimarratu du Bermejok. Helburua helmugara iristea izanen da bientzat eta, ahal bada, lehen irundar gisa. Gomezentzat “erorketak saihestea” garrantzitsua izanen da horretarako. Bermejok berriz, argi du “hankak edukitzea” ere ezinbertzekoa izanen dela. Azken honek gaineratu duenez, “inoiz bain irundar gehiago” ariko dira lehian igandean eta beraz, euren artean ere “lehia polita” ikusi ahal izanen da, lehen irundarraren sari berezi hori lortzeko. 

Aurtengo tropelean, berrikuntza gisa, junior mailako Euskadiko eta Nafarroako selekzioak lehiatuko dira, afizionatu mailako txirrindulariekin batera. Jorge Garciak jakinarazi duenez, “13 edo 14 bat izanen dira juniorrak” eta tartean, eskualdeko bat ere izanen da, Mikel Harriet Atondo. Etxalartarrak Nafarroako selekzioarekin parte hartuko du eta berak onartu duenez, “poztasunez” gainera, etxean sentitzen baita Bidasoako errepideetan. Hala ere, “lasterketa hagitz gogorra” dela adierazi du, “ibilbidea aldatu eta igoera gehiago” daudelako tartean. Hala ere, “gogoz” dago Atondo lasterketa bukatzeko eta, ahal den heinean, “protagonismo pixka bat” lortzeko. Juniorra izanda, maila bat goragoko txirrindulariekin tropela partekatzea izanen da igandeko erronketako bat: “Aurten hurrengo mailakoekin korritzen dugun lehen lasterketa da eta horrek erran nahi du nahikoa estutu beharko dugula”. Hala ere, taldekideei laguntzen saiatuko da Atondo, beretzat ere ezagunak baitira zeharkatuko dituzten errepideak: “Errepideak ezagutzea abantaila da niretzat eta taldekideei laguntzeko prest egonen naiz”. Helburua ere argi du etxalartarrak: “Taldekideei laguntzea eta lasterketa bukatzea”.

Estatuko afizionatu mailako lasterketarik zaharrenak bere ibilbidea egiten segitzen du, beti ere Irunes Txirrindularitza Taldearen eskutik. Bidasoa Itzuliaren gisan, hemen nabarmentzen diren txirrindulariek bizikletaren lehen gurpila profesional mailan edukiko dute, 148 kilometroetan eta lau mendateetan nabarmentzen direnak indarra eta kemena dutela erakutsiko baitute.