2026ko Bidasoa Itzulia ospatuko dela baieztatu dute
2026/02/27
Bidasoa Itzuliko talde antolatzaileak ohar bidez jakinarazi du 2026ko Bidasoa Itzulia ospatuko dela. Maiatzan 8tik 10era izanen da, nahiz eta oraindik xehetasun teknikoak erabakitzea falta den. Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioaren proposamen sendoa jaso ondotik, hartuko dute erabakia eta elkarlanean ari dira eskualdeko erakunde guztiekin.
Bidasoa Itzuliko talde antolatzaileak atzo jakinarazi zuen, ohar bidez, 2026ko Bidasoa Itzulia ospatuko dela. Aurreikusi bezala, maiatzaren 8tik 10era lehiatuko da estatuko amateur mailako probarik garrantzitsuena. Informazio zehatz gehiegirik ez dutela eman dute honen berri, Gipuzkoako Txirrindularitza Federaziotik proposamen sendo bat jaso ondotik. Hauekin elkarlanean egoteaz gain, talde antolatzailea eskualdeko bertze erakudeekin ere ari da hizketan aurtengo edizioa aitzinera eraman ahal izateko.
Orain dela hiru aste jakinarazi zuen Bidasoa Itzuliak aurtengo edizioa bertan behera geldituko zela, proba aitzinera eramateko beharrezko zena bildu ezinik ibili ondotik. Hortik aitzinera, 2027ko edizioa prestatzen aritu da taldea, nahiz eta tartean Gipuzkoako Txirrindularitza Federaziotik proposamen sendo bat jaso duen eta beraz, 2026ko edizioan pentsatzen jarri zen berriro ere. “Federazioaren helburua izanik lasterketak mantentzea eta sustatzea, berebiziko garrantzia zuen erakundearentzat Bidasoa Izulia mantentzea. Lanean izan gara, eta oraindik bagaude, baina konfirmatu dezakegu 2026an Bidasoa Itzulia izango dela. Datak mantentzen dira”, azaldu dute oharrean. Gainerako xehetasun teknikoak hurrengo asteetan jakinaraziko dituztela ere aipatu dute.
Gipuzkoako Federazioari esker hartu dute 2026ko edizioa martxan paratzeko erabakia, baina aldi berean, eskualdeko bertze erakunde batzurekin ari dira lanean, lasterketa egituratzeko, hala nola, Bidasoa-Txingudi Patzuergoa, Gipuzkoako Foru Aldundia, Hendaia, Hondarribia eta Irungo Udalak eta Irungo Txirrindulari Elkartea. Hala ere, oharrean adierazi bezala, babesle pribatuen ekarpenari esker eginen du gehien bat aurrera Bidasoa Itzuliak.