29.301 korrikalarik eman dute izena igandean ospatuko den Behobia-Donostia lasterketarako
2026/11/06
Behobia-Donostia lasterketa entzutetsuena eskualdean da berriz ere eta, aurtengoan, bere 61. edizioa beteko du. Urteurren berezi honetarako, antolakuntzak 30.000 dorsalen muga jarria zuen, eta ez bada bete ere, hurbil izan du langa. Izan ere, 29.301 korrikalarik eman dute izena eta, betiko moduan, lasterka, patinetan eta gurpildun aulkian beteko dituzte bi herrien arteko 20 kilometroko distantzia.
Igandean, azaroaren 8an, ospatuko da Behobia-Donostia lasterketaren 61. edizioa. 29.301 korrikalarik eman dute izena guztira, baita 156 patinatzaileek eta gurpildun aulkietan aritzen diren 93 kirolariek ere. Aurtengo ediziorako zabaldutako dortsalen muga ia bere osotasunean bete da, 30.000 parte hartzaileen muga ezarria baitzuen antolakuntzak, iaz baino 2.000 korrikalari gehiago hartuz. Izena eman duten horien guztien artean, 631 irundarrak dira eta 196 hondarribiarrak.
Antolakuntzak azken urteetako sistema erabili du irteerarako: modalitatearen edo ziurtatutako denboraren arabera aterako dira kirolari guztiak. Hala, lehenak irteten gurpildun aulkian ariko direnak izanen dira, 09:30ean. Ondotik patinetan ibilbidea osatuko dutenen txanda izanen da (09:35), eta segidan, korrikalarien hemeretzi multzoak hasiko dira ateratzen: 09:55ean eliteko emakumeak (dortsal horia dute); 10:01ean dortsal gorridunak; 10:02an berdeak; 10:04tik zenbaki gorria dutenen bi irteerak daude programatuta; 10:10ean dortsal urdina dutenak hasiko dira lasterka (lau multzo dira); jarraian (10:29) laranjen hiru abiatzeak izango dira; eta azkenik, 10:45etik aurrera, zenbaki zuria dutenen zazpi irteeren tartea hasiko da: 11:35ean abiatuko da zurien azken taldea.
Ibilbidean azken urteetako bera izanen da, orain dela bi urte egin zuten aldaketa mantenduz: Katea auzoan, Bacaladera enpresaren ondoko errepidea hartu beharko dute partaideek handik Letxunborrora joateko. Izan ere, Irungo auzoa gainetik pasatzen zuen zubibidea bota zuten, eta oraindik ere hango obra ez da erabat bukatu. Beraz, 20 kilometrokoa beharrean, 20.196 metrokoa izango da Irun eta Gipuzkoako hiriburua batzen dituen lasterketa.
Hala ere, berritasunik bada aurtengo edizioan: Irungo Behobia auzoko Eraiki Dantza Taldeko kideek irteerako lerroan ohorezko aurreskua dantzatuko diete aurrez aurre izanen dituzten milaka kirolariei, lehen irteeraren aitzinetik. Irungo dantzariak bezala, dozenaka eta dozenaka izanen dira boluntario lanean arituko direnak.
2026ko Behobia-Donostiaren aurkezpena pasa den asteartean, azaroaren 3an, egin zuen Fortuna Kirol Elkarteak. Herriz herrikako izen emateen aurtengo datua eman zuten bertan. Horren arabera, 631 irundar izanen dira Behobiako irteeran, eta 196 hondarribiarrak.