350 lasterkari bilduko ditu igandean ospatuko den VII Lesakako Mendi Lasterketak
2026/03/11
Inoizko partehartzaile kopururik handiena izanen du Beti Gazte elkarteak antolatzen duen Lesakako Mendi Lasterketaren VII. edizioak. Martxoaren 15ean, igandean, ospatuko da eta 350 lasterkari bilduko ditu guztira. Ohiko ibilbidea izanen du probak. Aldaketa txiki batzuekin, baina 14 kilometro luze eta 900 metroko desnibela gainditu beharko dute partehartzaileek. Elkarteak Lesakako Udalaren eta inguruko enpresa txiki eta handien babesa du ekitaldia aitzinera eramateko.
Heldu den martxoaren 15ean, igandean, Beti Gazte Elkarteak antolatutako VII. Lesakako Mendi Lasterketa ospatuko da herriian. Urtez urte sendotzen ari den mendiko lasterketan bihurtzen ari da eta aurten, ionizzo partehartzerik handiena izanen da, 350 korrikalari bilduko baitu probak. Parte hartzeko interesa handia izan da aurten. Dortsal guztiak 20 egun eskasetan agortu ziren eta, horren ondorioz, antolakuntzak 50 dortsal gehiago jartzea erabaki zuen. Hala ere, dortsal gehigarri horiek egun gutxitan agortu ziren.
Aurtengo edizioan ere, lasterketak 14 kilometroko ibilbidea eta 900 metroko desnibel positiboa izanen ditu. Antolakuntzak ibilbidean aldaketa txiki bat egin badu ere, korrikalariek Frain eta Unanua mendiak igoko dituzte, betiko moduan, Lesakako paisaia ikusgarriez gozatzeko aukera izanez. Lasterketa Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioaren babesarekin antolatzen da, eta Lesakako Mendi Lasterketak puntuak emanen ditu Nafarroako Mendi Lasterketen Zirkuituko Koparako, Federazioak berak antolatutako txapelketaren barruan.
Babesleei dagokienez, Sasoi da lasterketaren babesle nagusia. Horrez gain, Lesakako eta inguruko hainbat enpresa eta komertziok ere ekitaldia babesten dute. Horien artean, Martiko, Lacturale, Alco, Gora Sportwear eta Lesakako Udala erakundeen laguntza izan dute. Gainera, Arantza Hotelak, lasterketaren babesleetako batek, sari berezi bat emanen dio lasterketako denbora absolutuaren errekorra hausten duen korrikalariari, emakumezko zein gizonezko kategorian, baldin eta marka berria lortzen bada.
Giroari dagokionez, mendiko lasterketak animazio berezia izanen du ibilbidean zehar. Korrikalariek ibilbideko puntutan txaranga eta trikitixa izanen dituzte, eta helmugan DJ bat arduratuko da musika eta festa giroaz.
Antolakuntzak herritarrak eta mendizaleak animatu nahi ditu igande honetan mendira hurbildu eta korrikalariak animatzera, betiere ingurunea eta segurtasun neurriak errespetatuz. Informazio gehiago eskuratzeko, kontsultatu Beti Gazte Elkartearen sare sozialak edo webgunea: www.betigazte.net.