Alerta gorriaren erdian, marea berdeak ilusioak berritu ditu San Juan bezperan

2026/06/24
Udako arraunketa denboraldi luze bati aurre egiteko prest aurkeztu zituen atzo, Hondarribia Arraun Elkarteak bere hiru traineruak. San Juan bezperako sua piztu eta ilusioak berritzeko errituarekin batera, herriko arraunzaleentzat usadio bilakatu den aurkezpen ekitaldiak komunitatea sendotzeko ez ezik, arraunlarien harrobia eta herria elkartzeko parada eskaintzen du urtero ekainaren 23an Kai Zaharrean.
Alerta gorriaren erdian, marea berdeak ilusioak berritu ditu San Juan bezperan
Hondarribia Arraun Elkarteak 2026 denboraldiko aurkezpen ofiziala egin zuen atzo Kai Zaharrean. Udako solstizioarekin batera, San Juan bezperako sua piztu aurretik egin ohi duten moduan, atzo 20:00etan herriko arraunlarien eskifaiak eta traineruak aurkezteko ekitaldia ospatu zuten Hondarribian. Hondarribiko Hiria Musika Bandaren doinuekin hasi zuten ekitaldia, San Juan Zortzikoa joaz, eta herritarrak hurbildu orduko prest ziren herriko hiru eskifaiak, nobedadeak eta uda honetarako asmoak eta desirak herriari aurkezteko. Tenperatura altuengatik alerta gorriak ez zituen zaleak kikildu, eta txalo artean jaso zituzten B traineruko arraunlariak. Martin Muñoz patroi lanetan ariko da ARC Ligan bigarren eskifaiarekin, eta Gonzalo 'Txalo' Carrion izango da berriz ere entrenatzailea. Denboraldia hasi berri dute, eta haien helburu nagusia harrobi lana egitea dela kontuan hartuta «burua galdu gabe, baina hirugarren edo laugarren posturen bat lortzeko» gai ikusten dute haien burua. Denboraldiko lehen paladak eman ditu ere emakumezkoen traineruak. Joxemi Elduayen Hondarribia Arraun Elkarteko presidenteak aitortu duenez, «aurtengo helburu nagusia iaz galdutako Euskotren Ligako maila berreskuratzea» izango dute aurten Osertz Aldayk entrenatutakoa arraunlariek, eta Miren Garmendia patroiak. Joan den asteburuan Zarautz eta Kaikurekin lehian aritu ziren ETE Ligako estreinakoan, eta larunbatean bigarren postua eskuratu ondoren, igandean Pasaia San Pedron udako lehen bandera irabazi zuten Zarautzi sei segundoko aldea ateriaz. Haiekin 15 punturekin berdinduta daude sailkapen nagusian. Aurkezpenaren azken txaloak Joseba Amunarriz patroiak eta Mikel Orbañanos entrenatzaileak gidatutako eskifaiarentzat izan ziren. Arraunketan, eta klubean bezala herriko zaleentzat ere mito bilakatu dira biak bi hamarkada baino gehiagoan Ama Guadalupekoa paladaz palada gidatu ondoren, eta «iaz ziklo berri bat abiatu ondoren, aurten urrats bat gehiago egiteko» helburua nabarmendu dute. Joxemi Elduayen presidenteak ere ziklo berriak zaleengan piztu duen ilusioa azpimarratu du, izan ere, «uda polit bat osatzeko helburua dugula begibistatik galdu gabe, baina zer lortu baino, nola lortzen dugunari» garrantzia ematen diote arraun elkartean. «Datuak hor daude, beti izan dugu harrobia eta etxeko jendea oinarrian, eta hori ez da negoziatzen Hondarribian», dio Elduayenek. Alde horretatik, denboraldi berriaren aurkezpenean Igor Enparan alkateak ere parte hartu zuen Kai Zaharreko hitzartzean, eta iazko emaitzak errepikatu edo hobetzeko desira azpimarratzearekin batera, arraunak herrian sortzen duen ilusioa ikusita, «horrelako ekitaldietan ikusten komunitatea sortzeko balio duela» gogoratu du. Ekitaldia San Juan bezperako sua piztuz, ilusioak berrituz, eta Klink elkarteak antolatutako erromeria giroan amaitu zuten Hondarribian. Alerta gorriaren erdian, marea berdeak ilusioak berritu zituen San Juan bezperan urtero legez.