Euskotren Ligan arituko da Hondarribia berriz ere
2026/09/21
Hondarribia Arraun Elkarteko emakumeen lehen ontziak lortu du denboraldi hasieran zuen helburua: Euskotren Ligara igotzea. Jeitsiera sufritu eta urtebetean soilik lortu dute arraunaren maila gorenera bueltatzea, ETE Ligako txapeldun ere izan ondotik. Bermeon eta Portugaleteko uretan jokatutako play-offetan nagusi izan ziren berdeak eta, Zarautzekin batera, hoberenekin lehian izanen dire heldu den denboraldian.
Euskotren eta Euskolabel Ligetako play-offak jokatu dira asteburu honetan Bermeon eta Portugaleten. Hondarribia izan da bertan protagonista, denboraldi hasierako helburu guztiak beteta, Euskotren Ligara igotzea lortu duelako, bi estropadetan nagusi izan ondotik. Zarautz izan da bigarren postuan sailkatu dena eta, ETE Ligan aurkari zuzenak izan diren bi ontziak elkar ikusiko dute heldu den denboraldian arraunaren maila gorenean.
Asteburu garrantzitsua zuten hondarribiarrek aitzinetik, Euskotren Ligara berriz ere igotzeko aukera zutelako eskutan. Bermeon jokatu zen play-offetako lehen estropada eta lan ona eginda, lehen postuan sailkatu zen Ama Guadalupekoa, Zarautz, Donostiarra eta Tiranen aitzinetik. Hiru segundura zuen ETE Ligan ere bere aurkari zuzena izan den Zarautz, baina abantaila horrekin ekin zion bigarren eguneko estropadari. Portugaleten ospatu zen hau eta, berriz ere hiru segunduko aldearekin, aitzinetik sailkatu zen Hondarribia, zalantzarik gabe utziz ontzi hoberena dela eta Euskotren Ligako postua merezi duela. Bigarren postuan sailkatu zen Zarautzek ere igotzea lortu zuen eta, lehia baino, euren artean kiroltasuna dela nagusi erakutsi zuten uretik aterata, bi ontziko kideak elkarrekin ospatu baitzuten igoera.
Honen ondotik, atzo ilunabarrean Hondarribiako herriak harrera egin zien Hondarribiako arraunlariei, euren lana goraipatuz eta aitortuz. Ez soilik, atzokoan egindakoa, baizik eta ETE Ligako txapeldun izatea eta, orokorrean, urtean zehar helburuak lortzeko egin duten esfortzua ere.
Euskolabel Ligaren bukaeran Orio, Deusto eta Zarautz protagonista
Euskolabel Ligari ere bukaera emateko asteburua izan da azkenekoa. Bermeo eta Portugaleteko denboraldiko azken estropadak jokatu ziren, alde batetik; eta bertzetik, Euskolabel Ligara igotzeko play-offak, eremu berean. Lehenari dagokionez, presiorik gabe lehiatu ziren arraunlariak, dagoeneko dena erabakita baitzegoen. Oriok berriz ere erakustaldia eman zuen lehenean eta garaipena eskuratu zuen. Bigarrenean aldiz, Zierbena nagusitu zen, horien aitzinetik. Hala ere, honek ez zuen oriotarren txapela zalantzan jarri eta, bertze urte batez, txapeldun izan zirela ospatu zuten bukaeran. Hondarribia seigarren eta laugarren izan zen, hurrenez hurren.
Play-offei dagokionez, Deusto eta Zarautzek lortu zuten mailaz igotzea eta arraunlari hoberenekin arituko dira lehian heldu den denboraldian. Bi ontziak sailkatu ziren lehen eta bigarren postuan, hurrenez hurren, estropadetan ere postu horretan sailkatuz.