Hondarribiak bostgarren egin du Kontxako Banderan
2026/09/14
Arraun Lagunak eta Oriok eraman dute berriz ere Kontxako Bandera, bigarren igandean euren nagusitasuna berretsita. Emakumeetan, San Juan eta Tolosaldea izan dira podiumeko postuetan sailkatu direnak. Gizonetan berriz, Donostiarra eta Zierbena. Hondarribiak, bere aldetik, laugarren egin zuen atzo, Ohorezko Txandan aritu ondotik, eta bostgarren izan da sailkapen orokorrean.
Kontxako Banderaren bigarren igandea ospatu zen atzo Donostian. Ezustekorik gabe, etxeko Arraun Lagunak eta Orio izan dira nagusitu direnak, lehenak euren bostgarren Kontxako Bandera irabaziz, eta bigarrenak 34a. Ama Guadalupekoak ere lehiaketa borobildu zuen atzokoan, Ohorezko Txandan arituz eta laugarren postua atxikiz. Sailkapen orokorrean berriz, bostgarren izan zen Hondarribia.
Eguraldi ederrarekin hasi zituzten Kontxako Banderaren bigarren igandeko lanak traineru guztiek. Emakumeak izan ziren lehenak ureratzen eta Arraun Lagunakek parekorik ez duela erakutsi zuen. Bere bostgarran bandera erdietsi zuen etxeko traineruak, laugarrena segidan. San Juan eta Tolosaldea sailkatu ziren ondotik, 20 eta 24 segunduetara hurrenez hurren.
Gizonen lehian ere nagusitasun osoz lortu zuen Oriok bere 34. bandera. Atzokoan, Urdaibai eta Donostiarra izan ziren bigarren eta hirugarren, baina sailkapen orokorrean berriz, Donostiarra eta Zierbena izan ziren podiumeko postuak lortu zituztenak. Ama Guadalupekoak lehiaketa bikaina borobildu zuen atzokoan. Bigarren igande honetan, Ohorezko Txandan arituta, hoberenen artean sailkatzea lortu zuen, laugarren postuan helmugaratuta, horiek baina ia 16 segundu gehiagoan. Sailkapen orokorrean ordea, bostgarren postua eskuratu zuen Hondarribiak ia 40 segunduko aldearekin.
Arraunlariak, baita Hondarribia Arraun Elkarteko ordezkariak ere, pozik gelditu ziren egindako lanarekin eta Kontxako Banderaren erronka ezin hobe borobildu dutela iritzi diote. Ondotik, denboraldi bukaeran ohikoa duten bazkaria ospatu zuten Sutan erretegian. Hala ere, oraindik ez dituzte lan guztiak bete, maila igotzeko lehia gelditzen baita oraindik iraila bukaera honetan.