Alex Mozas: “Partiduaren iniziatiba eramatea eta jokaldietan aitzinatzea izanen dira helburuak”
Irudek Bidasoa Irunek Nexus Energia ASOBAL Ligako hamargarren jardunaldia jokatuko du bihar, azaroaren 22an, Horneo Eon Alicante taldearen kontra (17:30). Pasa den asteartean, Artalekun, Europako Txapelketan garaipen garrantzitsua lortu zuen talde bidasotarrak, Sain Raphaelen kontra. Horren ondotik jokalari eta teknikariek sentitu duten poztasuna eta motibazioa baliagarriak izanen dira ASOBAL Ligako helburuak erdiesteko. Aurkari zaila izanen du aitzinean talde horiak, baina euren esku dagoen guztia ongi eginda, puntuak etxera bueltan ekartzen saiatuko dira.
Saint Raphaelen kontrako partiduan garaipena eskuratzea “motibazioa eta poztasuna” eman dio Bidasoari, Alex Mozas entrenatzailearen erranetan. Hala ere, porroten tristurak guti irautea saiatzen diren moduan, irabaztearen alaitasunarekin berdin egiten du taldeak. Izan ere, segidan, bertze erronka garrantzitsu bat izanen du ASOBAL Ligako helburuei berriz ere eusteko. Bihar Alicante taldea bisitatuko dute bidasotarrek, denboraldiko bere momentu hoberenean dagoen aurkaria: “Bere momentu hoberenean dagoen aurkaria da Alicante. Entrenatzailea aldatu dute eta azken bi partiduak irabazi dituzte. Cangas hamar golengatik garaitu zuten eta Granollersen ere irabazi zuten. Lortzen ari diren emaitzak ez dira harrigarriak, kalitate handiko jokalariak baititu. Eskubaloi onena egiten ari dira eta partidu honetan ere ongi jokatuko dute”.
Astearteko partiduaren ondotik, asteazkenean atseden hartu zuen Bidasoak. Ortzegunean ekin zion lanari berriz ere, eta gaurkoa izanen dute larunbateko norgehiagokaren aitzineko azken entrenamendu saioa. Bertan detaileak landuko dituztela argitu du Mozasek, baita euren eskuetan dagoen guztia ere: “Aurkaria garaitzea zaila izanen da. Horregatik beragatik, euren jokoaren detaileak landuko ditugu, baina gure lanean zentratuko gara gehien bat. Jokalariak berreskuratu eta ahalik eta hoberen ailegatu larunbateko partidura”.
Garaipena eskuratzeko gakoa Bidasoaren baitan egonen dela ere onartu du entrenatzaileak: “Astearteko partiduan gure esku zegoen guztia ongi egin genuen. Kontzentratuta egon ginen eta eraginkorrak izan ginen. Larunbateko helburua ere hori izanen da, gure esku dagoen guztia ongi egite, iniziatiba edukitzea eta jokaldietan aitzina hartzea. Gauza guztiak ez dira gure esku egonen, baina horri ezin diogu garrantzi gehiegirik eman. Buru-belarri egon behar gara gure esku dagoen horretan”. Hori egiteko Bidasoak kalitatezko jokalariak dituela badaki eta euren jokoan konfidantza osoa du Mozasek.