Stade Hendayais Errugbi taldeek garaitezinak direla erakutsi zuten asteburuan
2026/11/18
Federale 3 mailako taldeak galdu gabe segitzen du denboraldi hasiera honetan eta asteburuan ere 40-26ko markagailuarekin garaitu zuen Josbaig. Aurkari bera izan zuen Excellence taldeak eta hauek ere, aukerarik eman gabe, 68-0eko emaitza zabalarekin garaipena eskuratzea lortu zuten.
Stade Hendayais Rugby taldea zorioneko dago denboraldi honetan. Asteburuan bere bi gizonezkoen talde nagusiek garaipen bana eskuratu zuten, eta garaitezinak direla erakutsi zute bertze behin etxeko zelaian. Lehen taldeak, Federale 3 mailan, 40-26ko markagailuarekin bertze garaipen bat eskuratu zuen Josbaig taldearen kontra. Partidurik galdu gabe segitzen du taldeak denboraldi hasiera honetan eta sailkapeneko lidergotzan dago oraindik, nahiz eta bigarren postuan dagoen Bizanos taldearekin puntuetan berdindua dagoen. Edonola ere, itxura ona ematen ari da taldea eta dinamika onean dago. Orain, atsedenaldia izanen dute asteburu batez, eta azaroko azkenekoan Baiona bisitatuko du, bolada on honi segida emateko.
Bigarren taldeak berriz, Excellence mailan, sekulako garaipena lortu zuen Josbaig taldearen kontra ere. 68-0eko markagailuarekin irabazi zuen Hendaiako taldeak, Felix San Martin ordezkariak azaldu duenez, “etxean izanda ere, ezohikoa den emaitza zabalarekin”. Edonola ere, garaipen ona izan da taldearentzat, maila erakutsi baitzuen etxeko zelaian eta honekin, sailkapeneko bostgarren postua kokatu delako, 19 punturekin guztira. Hauek ere astebeteko atsedenaldia izanen dute eta azaroko azkenekoan Baionara joanen dira lehen taldearekin batera.
San Martinek bi garaipen hauek goraipatzeaz gain, Popoli egindako omenaldia ere aipatu du bere balorazioan. Urte aunitzez klubean laguntzen aritu den jokalari ohia zendu berri da emozioz oroitu zuten elkarrekin, baita familiarekin ere, bere izena.