Ama Guadalupekoa Kontxako bi igandetan izanen da lehian
2026/09/03
Atzo, irailaren bigarrenean, ospatu zen Donostian Kontxako Banderarako sailkapen estropada. Ezustekorik ez zen izan eta Euskolabel Ligako zazpi ontziak izan ziren sailkatu zirenak, tartean Hondarribia ere. Denborarik onena Zierbenak egin zuen eta bere gibeletik, Orio, Hondarribia, Bermeo, Getaria, Lekeitio eta Ondarroa sailkatu ziren hurrenez hurren. Gaur emakumeen txanda izanen da, 18:00etatik aitzinera.
Kontxako Bandera ospatuko da datozen bi igandeetan, irailaren 6 eta 13an. Atzo lehen sailkapen estropada egin zen Donostiako uretan. Gizonak aritu ziren lehian eta ezustekorik gabe iragan zen jardunaldia, Euskolabel Ligako zazpi traineruak sailkatu baitziren Kontxako Banderarengatik borrokan izateko. Zierbena izan zen denborarik onena lortu zuena helmugan, 20:11.08ko kronoarekin. Bere gibeletik, Orio (20:13.70), Hondarribia (20:15.38), Bermeo (20:18.78), Getaria (20:22.02), Lekeitio (20:26.02) eta Ondarroa (20:28.62) sailkatu ziren hurrenez hurren. Donostiarra, etxeko trainerua izanda, zuzenean sailkatua dago Kontxako Bandera lehiatzeko.
Lehen ziabogan ere Zierbena izan zen denbora hoberena lortu zuena, eta Ama Guadalupekoak segundu bakar bat gehiago behar izan zuen ibilbide bera osatzeko. Azken luzean berriz, oriotarrek gainditu zituzten hondarribiarrak eta horrela, hirugarren postua lortu zuten azkenean Mikel Orbañanosen mutilek. Postu ona lortuta, baita helburua ere, bertze urte batez Kontxako Banderan lehiatzea alegia, horri begira ariko dira hemendik igandera bitarte.
Gaur berriz, 18:00etan, emakumeen sailkapen estropada jokatuko da. Kasu honetan ere Donostia Arraun Lagunak, etxeko trainerua izanda, zuzenean ariko da bi igandeetan lehian. Berekin batera zein ontzi ariko diren erabakiko da gaurko arratsaldean. Sailkapen estropadan ariko diren traineruak hauek dira: Amegrove, Astillero, Chapela, Castropol, Salgado Perillo, Deusto, Esteirana, Hibaika, Hondarribia, Lekeitio, Donostiarra, Ondarroa, Orio, Kaiku, Tiran, San Juan eta Tolosaldea.