Arraun Lagunak eta Oriok eraman dute 2025eko Kontxako Bandera

2025/09/15
Hondarribiako emakumeak seigarren sailkatuko ziren atzoko bigarren jardunaldiak eta zortzigarren izan dira sailkapen orokorrean. Gizonezkoek aldiz, zortzigarren postua eskuratu zuten atzoko estropadan eta horrela, seigarren izan dira azken sailkapenean.
Arraun Lagunak eta Oriok eraman dute 2025eko Kontxako Bandera

2025eko Kontxako Banderaren bigarren eta azken jardunaldia ospatu zen atzo, irailaren 14an, Donostian. Emakumeetan, Arraun Lagunak taldeak lortu zuen bere laugarren bandera eskuratzea. Gizonetan berriz, Oriok lortu zuen lehen estropadako akatsak konpontzea eta Zierbena aurreratzea, bandera etxera eramateko. Hondarribiari dagokionez, emakumeetan, seigarren postua lortu zuen Ama Guadalupekoak atzoko bigarren jardunaldian, nahiz eta zortzigarren izan ziren sailkapen orokorrean. Gizonetan, hondarribitarrak zortzigarren sailkatu ziren atzoko estropadan, baina seigarren postuan bukatu zuten aurtengo lehia. 

Donostiako Arraun Lagunak taldeak bideratua zuen garaipena pasa den igandetik. Hamar segunduko aldea zuen Tolosaldearekin eta bere nagusitasuna berretsi bertzerik ez zuten egin atzoko bigarren jardunaldian. Ia zortzi segunduko aldea atera zioten donostiarrek tolosarrei atzoko estropadan eta horrela, euren historiako laugarren bandera irabaztea lortu zuten. Tolosaldea izan zen bigarren, Orio hirugarren, Donostiarra laugarren, Hibaika bostgarren, Hondarribia seigarren (11.31,71), Astillero zazpigarren eta Zumaia zortzigarren. Hala ere, sailkapen orokorra bertzelakoa izan zen. Lehen lau postuak berberak izan ziren, nahiz eta ondotik Zumaia, Astillero, Hibaika eta Hondarribia sailkatu ziren hurrenez hurren. 

Gizonetan, Oriok lortu zuen lehen jardunaldiko akatsak konpondu eta garaile bilakatzea. Zierbena zen lider atzoko estropada hasitakoan, baina horiek hau gainditzea lortu zuten, ia 13 segundutan, eta Kontxako Bandera eskuratzea lortu zuten. Ondotik Zierbena, Bermeo, Donostiarra, Getaria, Lekittarra, San Juan eta Hondarribia (20.32,96) sailkatu ziren. Sailkapen orokorrean berriz, Orio, Zierbena, Bermeo, Donostiarra, Getaria, Hondarribia, San Juan eta Lekittarra sailkatu ziren. 

Honekin guztiarekin, emakumeek aurtengo denboraldiko lana bukatu dute, ez ordea gizonezkoek. Hauek Bermeo eta Portugaleteko estropadak izanen dute oraindik jokatzeko, heldu den larunbat eta igandean.