BATeko zenbait atleta Espainiako Txapelketa Absolutuko finalistak
Espainiako Txapelketa Absolutua ospatu zen otsailaren 21etik 23ra Madrilen. Bidasoa Atletiko taldeko hamahiru atletek bidaiatu zuten bertara eta horietako zenbaitek finalak jokatzeko aukera izan zuten. Horrez gain, postu onak eta marka pertsonalak ere eskuratu zituzten, euren eguneroko lana balioan jarriz.
Douae Ouboukirrek lortu zuen BATeko atleten artean postu onenetariko bat. 3.000 metroko lasterketan hartu zuen parte, 9:39,66 minutuan helmuga gurutzatuta. Honela, seigarren postua eskuratu zuen eta finalean egoteko txarteal bat ere eskuratu zuen, estatu mailako fondista onenekin batera.
Uxia Pereira ere finalista izan zen 60 metroko hesi-lasterketan eta galiziarren arteko errekorra ere eskuratu zuen. Zazpigarren postuan sailkatu zen finalean, proba 8,50 segunduko denboran osatuta. Horren aitzinetik, kanporaketa 8,38 segunduan egin zuen eta honekin, marka pertsonalik onena lortu zuen. Finalerdietan berriz, laugarren izan zen (8,45 segundu) eta finalerako txartela eskuratu zuen honela.
Victoria Brisok ere seigarren postua eskuratu zuen proba konbinatuko finalean. 3.771 puntu batu zituen guztira, zenbait probetan bere markak hobetuz (60 metroko hesi-lasterketan 8,71 segundu; altuera jauzian 1,67 metro; pisu-jaurtiketan 11,53 metro; luzera jauzian 5,35 metro; 800 metroko lasterketan 2:29,81 minutu).
Iker Arozena berriz, bederatzigarren izan zen luzera jauzian. 7,28 metroko jauzi hoberena lortu zuen, berdindua egon zen lehiaketa batean. Zentimetro gutik aldendu zuten Arozena sailkapeneko goiko postuetatik.
Carla Arwen Martinezek eta Aitor Fernandezek hamahirugarren postuak eskuratu zituzten bakoitzak bere modalitatean. Martinezek 60 metroko lasterketan lortu zuen finalerdietara ailegatzea eta bertan, hamaikagarren postua eskuratzea (7,51 segundu), hamahirugarrena sailkapen orokorrean. Fernandezek berriz, proba konbinatuan parte hartu zuen eta 4.889 puntu batu zituen guztira. Zenbait probetan ere bere markak hobetu zituen (60 metroko hesi-lasterketan 8,78 segundu; altuera jauzian 1,84 metro; pisu-jaurtiketan 10,02 metro; luzera jauzian 6,31 metro; 60 metroko lasterketan 7,24 segundu; pertiga jauzian 4,65 metro; 1000 metroko lasterketan 2:57,57 minutu).
Irune Muguruza 24. postuan sailkatu zen 400 metroko lasterketan, denboraldi ezin hobea borobilduz. Finalerdietan 56,24 segunduko denbora egin zuen eta finalera ailegatu ez bazen ere, aurretik lortutako emaitzek etorkizun handiko atleta dela adierazten dute.
Lucia Valero eta Ainhoa Idoiaga 1500 eta 800 metroko lasterketetan parte hartu zuten, hurrenez hurren. Valerok hirugarren finalerdian parte hartu zuen eta zortzigarren izan zen (4:34,43 minutu), sailkapen orokorrean hemeretzigarren postua eskuratuz. Idoiaga berriz, hogeigarren izan zen sailkapen orokorrean, 2:12,44 minutu lortuta.
Azkenik, Malen Martinezek eta Alaine Aguerraldek euren marka pertsonalak hobetu zituzten. Martinezek 60 metroko hesi-lasterketan hartu zuen parte eta kanporaketan, ere marka pertsonalik onena lortu zuen (8,48 segundu). Hurrengo kanporaketan berriz, 8,63 segundurekin, finaletik kanpo gelditu zen. Aguerraldek berriz, 200 metroko lasterketan parte hartu zuen eta 24,82 segunduko denbora eginda, ezin izan zen bigarren errondara pasatu.