Beti Gaztek eta Gure Txokoak garaipen bana lortu dute asteburuan

2025/10/28
Gipuzkoako Ligako bi talde hauek asteburu bikaina izan dute emaitzen aldetik. Ohorezko Erregional mailako Beti Gaztek 1-0 garaitu zuen Mastegin Orioko, pasa den asteburuan lortutako puntua balioztatzeko. Erregional Lehen mailako Gure Txokoak berriz, 2-8 irabazi zuen Behobia Bren kontra. Izugarrizko gol zaparrada lortuta, taldeak etxetik kanpo lehen hiru puntuak batu zituen.
Beti Gaztek eta Gure Txokoak garaipen bana lortu dute asteburuan

Bortzirietako futbol talde nagusiek asteburu arrakastatsua bizi izan dute. Izan ere, bai Beti Gaztek, baita Gure Txokoak ere, garaipen bana lortu zuten pasa den igande arratsaldean. Lesakarrak Mastegin aritu ziren, etxean, eta bertan Orioko garaitu zuten 1-0eko markagailuarekin. Beratarrek berriz, Behobia B bisitatu zuten eta gol zaparrada izugarriarekin, 2-8ko emaitzarekin hain zuzen ere, hiru puntuak etxera eraman zituen taldeak. Biak ere pozik gelditu ziren egindako lanarekin, nahiz eta oraindik akatsak zuzentzen segitu beharko duten. 

Gipuzkoako Ligako Ohorezko Erregional mailako Beti Gaztek 1-0 irabazi zuen, pasa den igande arratsaldean, Oriokoren kontra. Pasa den asteburuan Azkoitian lortutako puntua balioztatzeko bikaina izan zen garaipena, Eneko Ferradas entrenatzailearen hitzetan. Asmo horrekin zelairatu zen Lesakako taldea eta lortu ere. Hasieran, bi taldeak “parekatuak” egon zirela azpimarratu du Ferradasek, “atzean sendo, baina aukerarik sortu gabe”. Minutuek aitzinera egin ahala berriz, Beti Gazte gehiago sartu zen jokoan eta aukera argiagoak sortu zituen: “Kosta zitzaigun, baina lortu genuen. Ez genuen sufritu, baina ez geunden oso eroso ezta ere. Hala ere, jokoan sartu ginen eta, atsedenaldi iritsi aurretik, jokaldi on baten ondoren, Jabier Maiak ez zuen barkatu eta 1-0ekoa sartu zuen”. 

Bigarren zatian, abantaila txiki hori zuen etxeko taldeak eta lasaitasuna eman zion horrek partidua kontrolpean edukitzeko. “Konfiantzaz sartu ginen bigarren zatian, erosoago, eta nagusi izan ginen”, aipatu du entrenatzaileak. Aukerak sortu bazituzten ere, ezin izan zituzten ate barrura sartu eta horrek indarrak behera egitea eragin zuen: “Zelai erdia pixka bat galdu genuen eta erritmoa jeitsi genuen. Oriokok ongi estutu zuen orduan. Lan bikaina egin zuten eta gure zelai erdia okupatu. Minutu horietan gu baino hobeak izan ziren”. Abagunean sortu zituen talde bisitariak, baina Julen Telletxea etxeko atezainak bere eskuak atera eta denak gelditu zituen, garaipena Mastegin gelditzea ahalbidetuz. Ferradasek onartu du “helburua lortu” zuela taldeak azken neurketa honetan eta “irabazten jakin zuela, sufritu arren”. Hori da lortu nahi dutena lesakarrek eta, alde horretatik, bide beretik segituko dute hurrengo asteetan ere. Edonola ere, prestatzaileak azpimarratu du “akatsak zuzentzen” segituko dutela astetartez, baita “gogor entrenatzen” ere. “Taldea bikain” dagola ere oroitarazi du Ferradasek eta asteburuan, “partidua irabazteko asmo garbiarekin” joanen dela Mutrikura (larunbatean, azaroaren 1ean, 15:30ean). 

Gure Txokoak gainetik pasatu zuen Behobia “B”

Erregional Lehen mailan ari den Gure Txokoak ere izugarrizko garaipena lortu zuen, pasa den igande arratsaldean, Artian. Behobia Bren kontra jokatu zuen azken jardunaldia eta 2-8ko markagailuarekin irabazi zuen. Beratarrek etxetik kanpo lortzen duten lehen garaipena da hau eta, alde horretatik, helburu txiki bat lortzea bezalakoa izan da Mikel Esnaola entrenatzailearen erranetan. Hala ere, ez zuten ongi hasi neurketa, izan ere, lehen gola etxekoena izan zen. Amore eman gabe segitu zuten lanean eta lehen ordu laurdenean emaitza iraultzeko gai izan ziren bisitariak (1-2). Hori guti balitz, bertze hiru gol sartzeko gai izan ziren eta atsedenaldira, 2-6 irabazten joan ziren. Tartean, zalantzan jarri zuen garaipena Behobiak, Esnaolak kontatu duenez: “Kontraeraso batean, 2-3koa jarri zuen Behobiak eta mamua agertu zitzaigun berriz ere. Serioago jarri ginen orduan eta atsedenaldira irabazten joan ginen”. 

Bigarren zatia lau goleko abantailarekin hasi zuten beratarrek eta hori baliatuta, “kontrolpean” eduki zuten markagailua. “Bigarren zatian ez genituen hainbertze gol sartu, baina aukerak sortu genituen”, gaineratu du entrenatzaileak. Hala ere, bertze bi gol gehiago eginda, 2-8ko emaitzarekin bukatu zen partidua beratarren alde eta pozik joan ziren etxera, kanpoan lortzen zituzten lehen hiru puntuak poltsikoratuta. “Sentsazio onak izan genituen eta pasa den asteburuko kolpe gogorra konpondu genuen honela”, azpimarratu du Esnaolak. Aimar Lekuonak sartutako hiru golak ere azpimarratu ditu prestatzaileak eta “kontent” bukatu zutela partidua, “konfiantzaz”. Honela ekin nahiko diote heldu den asteburuko partiduari ere. Gure Txokoak Dunboa Eguzki jasoko du Matzadan heldu den igandean, azaroaren 2an, 17:00etan.