Real Unionek berdinketa gazi-gozoarekin bukatu zuen asteburuko partidua

2026/11/23
Azken minutuetan Meridak sartutako golarekin, 1-1eko emaitzarekin bukatu zen neurketa eta bi taldeek puntuak banatu behar izan zituzten. Real Unioni zapore gazi-gozoa gelditu zitzaion honekin, hamargarren minututik irabazten ari zelako eta hiru puntuak eskuan zituelako dagoeneko. Edonola ere, puntu bat batu zuen sailkapenera eta, alde horretatik, lasai bueltatu zen etxera.
Real Unionek berdinketa gazi-gozoarekin bukatu zuen asteburuko partidua
AD Merida 1
1 Real Union Club
Real Unionek banako berdinketarekin bukatu zuen atzo Meridaren kontrako neurketa. Azken minutuetan erabaki zen partidua, hamargarren minututik ordura arte irabazten ari zen Real Unionen zorigaiztorako. Zapore gazi-gozoarekin bukatu zuten asteburua beraz, txuribeltzek, baina puntu bat gehiago poltsikoratuta lasaitasunez bueltatu ziren etxera. Talde irundarrak nagusitasun osoa erakutsi zuen partiduaren lehen minutuetan. Baloiaren jabe egin zen segidan eta Merida hauen akatsaren zain aritu zen, kontraerasoaren bila. Modu horretan ailegatu zen lehen gola, Aitor Galarzaren eskutik. Presio bikain baten ondotik, etxeko atezaina baloia urruntzen saiatu zen, baina Galarzak mugimendu azkarra egin zuen baloia blokeatu eta errebotean, sare barrura sartzeko. 0-1ekoa markagailuarekin aitzinetik jarri zen Real Union. Horren ondotik, norgehiagokak erritmoa galdu zuen, baina lehiakor segitu zuten, talde irundarrak bere nagusitasuna aprobetxatzen. Atsedenaldira bidean, bigarren gola ere sartu zuen Galarzak, Meridako detentaren bizkarrera egindako pase batean, epaileak errepikapena ikusi ondotik, gola baliogabetu zuen, jokalari txuribeltzak defentsari bultzada bat eman ziola iritzita. Aldageletara joan baino lehen, bertze aukera bat izan zuen Real Unionek, baina ezin izan zuen errematatu. Hemen ere jokaldi polemiko bat egon zen, irundarren erdiraketak aurkariaren erdiko atzelaria jo zuelako eta eskua izan zitekeenaren susmoa zegoelako, baina berrikuspenean ezezkoa eman zioten honi. Bigarren zatian, Merida erasokorrago zelairatu zen, garaipena edo berdinketa nahi zutela garbi utzita. Intentsitate altuarekin aritu ziren, baina txuribeltzek beraien sendotasuna ere mantendu zuten eta, arrisku handirik gabe jokatu zituzten azken 45 minutuak. Garaipena eskuan zutela ari zirenean ordea, 88. minutuan etxeko taldeak erasora jo zuen, azken aukera bat baliatu nahian, eta area kanpotik egindako erremate baten bidez 1-1ekoa ezarri zuten, jardunaldiko puntuak banatuz. Kolpe latza izan zen taldearentzat, baina puntu bat aterata, lasaigo bukatu zuten asteburua. Berdinketa honekin, Real Unionek hamazazpi punturekin bukatu du jardunaldia eta dagoeneko Stadium Galen jokatuko den hurrengo partiduari begira jarri da. Arenas de Getxo jaso beharko dute txuribeltzek heldu den larunbatean, azaroaren 28an, 18:45ean.