Bidasoa Atletiko Taldeak hurrengo hilabeteetan antolatuko dituen lasterketen izen emateak ireki ditu
2026/04/23
5K lasterketaren X. edizioa (ekainaren 7an), XLVIII. San Martzialera Igoera (ekainaren 27an) eta XLVIII. Guadalupera Igoera (irailaren 5ean) izanen dira hurrengo hilabeteetan BATek antolatuko dituen probak. Izen emateak dagoeneko irekiak daude eta “pack” bat ere jarri du eskuragarri taldeak, azken bietan parte hartzeko dortsaletan deskontuak eginez.
Bidasoa Atletiko Taldeak hurrengo hilabeteetan ospatuko dituen lasterketetan izena emateko epea ireki du dagoeneko. 5K lasterketaren X. edizioa (ekainaren 7an), XLVIII. San Martzialera Igoera (ekainaren 27an) eta XLVIII. Guadalupera Igoera (irailaren 5ean) izanen dira BATek antolatuko dituen probak. Izen emateak kirolprobak.com webgunean egin daitezke eta taldeak “pack” bat ere jarri du eskuragarri, azken bi probetako dortsalak deskontuarekin lortu ahal izateko.
5K lasterketaren X. edizioa
BATek ekainaren 7an ospatuko du 5K lasterketaren X. edizioa. Irundo erdigunean igaroko da proba eta maila desberdinetako korrikalariei irekia egonen da. Ibilbidea homologatua egonen da, azken urteetan bezala, eta proba egokituak, haurrentzako lasterketan eta martxa solidarioa ere ospatuko dira egun berean. Izan ere, eguneko egitarauak, kirola, inklusioa eta konpromiso soziala uztartu nahi ditu.
Izen emateak ekainaren 5era arte egonen dira irekita, online, kirolprobak.com webgunearen bitartez. Egunean berean ere dortsala eskuratzeko aukera egonen da. Hauekin lortutako diruaren zati bat Gipuzkoako Minbiziaren Kontrako Elkarteari bideratuko zaio. Taldeak kirolari guztiak animatu nahi izan ditu parte hartzeko, giro osasuntsu eta solidarioa bultzatuz.
XLVIII. San Martzialera Igoera
Ekainaren 27an berriz, San Martzial Igoeraren XLVIII. edizioa ospatuko da Irunen, San Martzial besten atarian. Irungo Urdanibia Plazatik abiatuko dira korrikalariak, 10:30ean, eta San Martzialera bitarte dauden 3,6 kilometroak osatuko dituzte, 200 metroko malda positiboarekin. Probak emakume eta gizonezkoen kategoria absolutuak izanen dira eta maila bakoitzeko lehen bostak sarituko ditu. Izen emateak irekiak egonen dira ekainaren 26ko 13:00ak arte, 12 euroko prezioarekin. Egunean berean ere dortsala eskuratzeko aukera egonen da, irteera bertan, 16 euroen truke.
XLVIII. Guadalupera Igoera
Azkenik, udari bukaera emateko, BATek Guadalupera Igoeraren XLVIII. edizioa ospatuko du irailaren 5ean, Hondarribian, bertako besten harira. Hau ere 10:30ean abiatuko da, Jostaldi frontoitik eta korrikalariek Guadaluperaino dauden 4,72 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute, 182 metroko desnibelarekien. Probak emakume eta gizonezko kategoria absolutuak hartuko ditu kontuan eta lehen bostak sarituko dituzte kasu honetan ere. Irailaren 4ko 13:00ak bitarte egin ahal izanen da izen ematea (12€), baita egunean berean ere (16€). Honez gain, aurten ere, Guadalupe Txiki ospatuko dute, 1 eta 13 urte bitarteko haurrentzat bideratutako lasterketekin.
BATek gainera, “igoeren pack-a” kaleratu du aurtengoan, San Martzialera eta Guadalupera eginen diren igoeretan, bietan, parte hartu nahi dutenentzat deskontuak eginez. Horrela, biengatik 24€ ordaindu beharrean, 18€ ordainduko dituzte partehartzaileek.