BATeko taldeak lan bikaina egin dute Espainiako Kluben Arteko Txapelketan
2026/10/27
20 urtez azpiko kategorian lehiatu ziren Super Amara BAT taldeko emakumezko eta gizonezkoak eta lan bikaina eginda bueltatu dira etxera. Emakumeei dagokienez, urrezko lau domina eta zilarrezko bertze bat lortuta, seigarren postuan sailkatzea lortu zuten. Gizonezkoek berriz, urrezko domina bat, zilarrezko bost eta brontzezko bertze bat lortu zituzten eta horrela, bostgarren izan ziren sailkapen orokorrean.
20 urtez azpiko Espainiako Kluben Arteko Txapelketa ospatu da asteburuan Madrilen eta bertan izan dira lehian Super Amara BATeko emakumeen eta gizonezkoen taldeak. Biak ere A finalean aritzeko aukera izan zuten beraz, Estatuko klub onenaren titulua lortzeko borrokan lehiatu ziren. Indibidualki lan bikaina eginda, taldean postu ederrak lortu zituzten bi taldeek. Emakumeen kasuan, seigarren izan ziren 81 puntu batuta. Gizonek berriz, bostgarren postua lortu zuten, 83 puntu poltsikoratuz.
Emakumeek debut bikaina egin zuten Espainiako Kluben Arteko Txapelketan, bakarka postu onak eskuratuz eta, taldean, seigarren postua lortuz. 81 puntu batu zituzten guztira, bostgarren postutik hurbil geldituz. Sailkapena horrela gelditu zen: Facsa-Playas de Castellon (118 puntu), AD Sprint (104.5 puntu), Trops-Cuevas de Nerja (102 puntu), AD Marathon (93.5 puntu), Diputacion Valencia (87 puntu), Super Amara BAT (81 puntu), Sanysec-Club Ourense Atletismo (70 puntu) eta Alcampo Scorpio 71 (59 puntu).
Indibidualki, bost domina eskuratu zituen taldeak guztira, urrezko lau eta zilarrezko bat. Alaine Aguerraldek (400 metroko hesi-lasterketan, 1:02,28 metro), Elsa de la Cruzek (pertiga-jaurtiketan, 3.26 metro), Arinette Ngolek (disko-jaurtiketan, 42.74 metro) eta Nora Estebanek (xabalina-jaurtiketan, 40.18 metro) lortu zuten lehen postuan sailkatzea. Naia Llorentek berriz, zilarrezko domina eskuratu zuen altuera jauzian 1.64 metro lortuz.
Gizonezkoek bostgarren postua lortu zuten, iazko bera
Gizonezkoen taldeak bostgarran postua lortu zuen, iazko denboraldian lortutako postu historiko bera, 83 punturekin guztira. Sailkapena horrela gelditu zen: Facsa-Playa de Castellon (111 puntu), Trops-Cuevas de Nerja (108 puntu), FC Barcelona (105 puntu), AD Marathon (105 puntu), Super Amara BAT (83 puntu), Atletismo Albacete (76 puntu), Unicaja Jaen Paraiso Interior (72 puntu) eta AD Sprint (59 puntu).
Indibidualki berriz, zazpi domina eskuratu zituzten gizonezkoek, urrezko bat, zilarrezko bost eta brontzezko bertze bat. Eñaut Arburuak lortu zuen txapeldun izatea, 400 metroko hesi-lasterketan 53.99 segundu eginda, bere marka pertsonalik onena izan dena. Zilarrez dominei dagokienez, Iker Piñeirak (100 metroko lasterketan 10.86 segundu), Markel Garranchok (200 metroko lasterketan 22.61 segundu), Seckou Sissokok (400 metroko lasterketan, 48.72 segundu), Julen Mendozak (2000 metroko oztopo-lasterketan 6:31.51 minutu) eta Alain Ocak (mailu-jaurtiketan, 61.64 metro, bere marka pertsonalik onena) lortu zituzten. Azkenik, Julen Rodriguezek lortu zuen brontzezko domina, pertiga-jaurtiketan, 4.31 metro lortuz.
Bidasoa Atletiko Taldeko atletek emaitza bikainak bildu zituzten aurredenboraldi honetan eta dagoeneko sasoi onean daudela erakutsi zuten txapelketan. Orain, kros eta pista estaliko denboraldien hasiera dute begiz jota guztiek.