Biok Txingudik ezin izan zion aitzin egin ligako liderrari
Biok Txingudik 92-9ko markagailuarekin galdu zuen Gaztedi Ligako liderraren kontra. Bolada txarrak oraindik ere dirau mugako taldeak, baina azken jardunaldietan jarrera aldaketa nabarmena izan dute jokalariek eta hori erakutsi zuten Gasteizen ere. Liderra erritmo handiarekin zelairatu zen lehen minututik eta beltz eta txuriak defentsan sendoak izatera behartu zituzten, nahiz eta ongi erantzun zuten lan honi. Azkenean, puntuak ihes egin zuten, baina ongi egindakoak aprobetxatuko dute mugakoek hurrengo jardunaldiecan berriz ere zelairatzeko.
Markagailuan aitzina hartzen lehena Gaztedi izan zen, bi entsegu lortu ondotik. Aurrelariarekin hainbat alditan tokatu ondotik, hiru laurdenetara ailegatu zen baloia hegaletan eta lehen puntuak lortu zituzten. Azkar erantzun zuen Biok Txingudik eta, hamahirugarren minutuan, hagetatik hogeita bost metrora egindako zigor kolpe bat eskuratu zuen taldeak, Alba Saizi esker (10-3). Liderrak bere lana egiten segitu zuen eta, hiru laurdenean zuen nagusitasunari eutsiz, emaitzan alde nabarmena eskuratu zuen atsedenaldirako. 9 entsegu eta bi eraldaketa eginez, 49-3koa ezarri zuten.
Bigarren zatian, intentsitate handiagoarekin zelairatu ziren bidasoarrak eta gasteiztarren akats bat aprobetxatuz, 49-6koa ezarri zuen Saizek. Hortik aitzinera, indarrak behera egin zuen mugakoen artean, lehen zatian egin beharreko ahalegin fisikoak ondorioak eragin baitzituen. Etxekoak hau ikusirik, bertze zazpi entsegu eta lau eraldaketa egin zituzten, 92-6koarekin neurkea erabakita utziz. Hala ere, besoak jeitsi gabe aritu zen Biok Txingudi eta azken puntuak eskuratzeko gai ere izan zen partiduaren bukaeran. Saizek berriz ere ostikada egin eta azken hiru puntuak eskuratu zituen, 92-9ko behin-betiko markagailua lortuz.
Puntuak galduta bueltatu zen Biok Txingudi etxera, porrota jasota, baina jarrera hobea ere erakutsita. Heldu den asteburuan, Ligako bertze jardunaldia bat egonen da, baina mugakoei atsedenaldia egokitzen zaie, ongi aprobetxatuko dutena, indarra berreskuratu eta lanari ekiteko.
Harrobiko taldeek bi garaipen eta porrot bat
Harrobiko taldeek asteburu emankorra izan dute. Alde batetik, 14 urtez azpiko taldeak 39-12 garaitu zuen Deba Arroa. Bertzalde, 16 urtez azpikoek 59-0 irabazi zuten La Unica ren kontra. Azkenik, 18 urtez azpiko Gabiria Txingudi/Baztan taldeak, denboraldiko neurketarik hoberenetakoa jokatu bazuen ere, azken jokaldietan ihes egin zien partiduak eta 24-14ko emaitzarekin galdu zuten Getxoren kontra.