Biok Txingudik ezin izan zion La Unicari aurre egin

2026/02/24
Txingudi Rugby Klubeko senior mailako emakumeen taldeak 68-3 galdu zuen Iruñeako La Unica taldearen kontra. Mugakoek itxura ona eman arren, ezin izan zioten etxekoen nagusitasuna aitzin egin eta punturik batu gabe bueltatu ziren etxera.
Biok Txingudik ezin izan zion La Unicari aurre egin
La Unica 68
3 Biok Txingudi
Txingudi Rugby Klubeko Biok Txingudik 68-3 galdu zuen Iruñeako La Unica taldearen kontra. Zalantza anitzekin zelairatu ziren mugakoak eta hori ongi aprobetxatu zuen etxeko taldeak, hasi eta berehala 5-0ekoa ezartzeko. Bisitariek ere azkar erantzun zuten, Alba Saizen bitartez, zigor kolpe bat hagen artean ostikatuz eta 5-3koa jarriz. Honek indarrez bete zuen bidasotarren taldea eta hurrengo minutuetan defentsan bikain airu ziren, plaketa eraginkorrak eginez eta presio handia jarriz etxeko jokalariengan. Hala ere, iruindarrek gogorrak direla erakutsi zuten eta, hamabigarren minutuan, mugakoen harresian zuloa aurkituz bigarren marka egin zuten (10-3). Biok Txingudi ez zen kikildu eta ildo beretik segitu zuen lanean, defentsan sendo arituz. Edonola ere, fisikoki oso exijentea izan zen etxekoek proposatutako jokoa eta, hogeita hamargarren minututik aitzinera, La Unica bere nagusitasuna erakusten hasi zen, ia parekorik gabekoa. Atsedenaldira bidean, bortz marka eta bi eraldaketa lortu zituzten eta 39-3koa ezarri zuten, garaipena ia erabakita utzita. Bigarren zatian, iruindarren indarra nabarmendu zen eta markagailuan aldea irekitzen segitu zuten lehen minutuetatik, bertze bi entsegu eta eraldaketa batekin (51-3). Azken minutuetan, taldeen indarrak parekatu ziren, baina etxekoek bertze hiru entsegu lortu zituzten eta 68-3ko emaitza lortu zuten behin-betiko, aukerarik gabe utziz mugakoak. Honekin, emakumeen taldeak atsedenaldia izanen du martxoaren 7ra arte eta hori bera baliatuko dute lanean segitu eta lehen puntuak irabazteko. Errugbi eskolako jardunaldiak Errugbi eskolako taldeei dagokionez, 14 urtez azpiko taldeak partidu bikaina jokatu zuen asteburuan Zarautz/Beltzak taldearen kontra, diziplina eta jarrera erakustaldia emanda. 10 eta 12 urtez azpiko taldeak berriz, Arrasaten aritu ziren igandean eta bertan, orain artean ikasitako guztia erakusteko aukera ongi aprobetxatu zuten. Zaisa Txingudiren lehen finala etxean Txingudi Rugby Klubeko senior mailako gizonezkoen Zaisa Txingudi taldeak denboraldiko froga garrantzitsu eta zailenetako bati aurre egin beharko dio asteburu honetan. Otsailaren 28an, Plaiaundin, Zornotzako Urgozo taldearen kontra jokatu beharko du, final baten antzerako partidua izanen dena. Bizkaitarrak igoera fasea jokatzeko postuan daude kokaturik eta mugakoek ezinbertzekoa izanen dute bertan puntuak eskuratzeko, Euskadiko Lehen Mailara igotzeko borrokan bizirik segitzeko. Horrez gain, 16 eta 18 urtez azpiko taldeek Lekarozen jokatuko dute Bera Beraren kontra.