Denboraldi hasiera zaila izan du Zaisa Txingudik
2026/10/20
Txingudi Rugby Klubeko senior mailako gizonezkoen taldeak 22-15 galdu zuen denboraldiko lehen jardunaldian. Akatsez betetako partidua izan zen, nahiz eta hasiera bertzerik ez den eta lanean segituko duten dinamikari buelta eman ahal izateko. Biok Txingudi taldeari dagokionez, 44-5ko markagailuarekin porrot egin zuen Donostiaren kontra, denboraldiko bigarren neurketan.
Txingudi Rugby Klubeko Zaisa Txingudik galtzen hasi du denboraldia. Durangora joan zen denboraldiko lehen jardunaldia jokatzeko eta bertan, Durango B/Mutriku taldearen kontra, 22-15eko markagailuarekin porrot egin zuen. Indarrez zelairatu zen mugako taldea eta, lehen minutuetan, defentsa sendoa erakutsi zuten. Horrela, beraiek izan ziren markagailua irekitzen lehenak. Seigarren minutuan, “Lutxo” Echevarriak zutoinetatik hurbil egindako zigor-kolpe bat aprobetxatuz, 0-3koa ezarri zuten beltz eta txuriek.
Gora etorri beharrean, hortik aitzinera, akatsak izan ziren nagusi bidasotarren artean. Etxekoek gainera, erantzun azkarra eman zioten bisitarien kolpeari eta 5-3koa ezarri zuten hiru minutu beranduago. Partiduak ihesik ez egitea zen mugakoen helburua eta horrela, lanean segitu zuten, nahiz eta kosta egin zitzaien 5-10ekoa lortzea, berriz ere Echevarriaren eraldaketari esker, Joao Costak egindako entsegua borobilduz. Emaitzan abantaila eduki arren, Zaisa Txingudiren jokoa ez zen ona izan eta defentsako arau-hausteak egin zituzten. Horrela, Carlos Lorak txartel horia jaso zuen eta atsedenaldira, jokalaari bat gutiagorekin joan ziren bidasotarrak.
Bigarren zatian, garaipena posible zela sinetsita zelairatu ziren bi taldeak. Lehiakor aritu ziren lehen minutuetan, baina erasoan eta defentsan diziplinarik gabe Txingudiren kasuan. Iñigo Sanchezek plakaketa behar baino goitiago egiteagatik aldi baterako kanporaketa jasan zuen eta beraz, bertze hamar minutuz, bi gutiagorekin aritu zen bisitaria. Hau ongi aprobetxatu zuen Durango/Mutrikuk baloia touchera jaurti baitzuen eta neurketa berdintzea beraz, bigarren entseguari esker (10-10). Zaisa Txingudik ez zuen amore eman eta segidan jarri zen aitzinetik berriz, Costaren bigarren markari esker (10-15).
Hartu-emanean aritu ziren hurrengo minutuetan, etxekoek berriz ere berdindu baitzuten markagailua eta hor ikusi ahal izan zen bidasotarren alderik kaotikoena. Hori ikusirik, gora etorri zen Durangoko taldea eta berdindu ezean, aitzinetik ere jarri zen neurketan bigarren aldiz. Hain zuzen ere, 74. minutuan ailegatu zen Duffrèche eta Camareroren mutilentzat kolpe latzena, entsegu-eremutik metro gutira egindako plakaje-akats batek etxeko taldeari bere laugarren marka lortzea eragin baitzion, oraingoan eraldatua, behin-betiko 22-15ko emaitza lortuz.
Lehen porrotaren ondotik, lanean segitu du taldeak heldu den asteburuan La Unica Bren kontra izanen due partidua prestatzen. Etxean ariko da denboraldian lehen aldiz eta garaipena eskuratzea izanen da lehen helburua.
Biok Txingudik ere galdu egin zuen Donostian
Denboraldiko bigarren jardunaldia zen Txingudi Rugby Klubeko senior mailako emakumeentzat. Ez zuren aurkari erraza bigarren partidurako, aitzinean Donostia baitzuten. Hala ere, hasieratik borrokan hasi ziren garaipenaren bila. Lehen minutuetan mugakoek izan zuten baloiaren jabetza eta, faseak kateatuz, Donostiaren eremuan izan ziren. Lehen entsegua lortzen saiatu ziren, baina ez zen ailegatu eta Donostiak bere hiru laurdenean azkartasuna aprobetxatu zuen bidasotarren defentsan hutsuneak sortzeko eta bi entsegu lortzeko (10-0).
Bisitarien indarra ez zen behera etorri ordea, eta joko erginkorra erakutsi zuten hurrengo minutuetan entsegua lortu arte. Leire Muñozen egin zuen keinua eta Maddi Harinak errematatu (10-5). Txingudik baloiaren jabetza zuen, baina ez zuen lortzen hori puntuetan gauzatzea. Aldiz, Donostiaren jabetza bakoitza eraginkorra zen eta horrela, hiru entsegu eta eraldaketa bat lortu zituen etxeko taldeak, atsedenaldira 27-5ekoarekin joanez.
Bigarren zatian, bide beretik joan zen partidua. Txingudi eraso sendoak egitera zelairatu zen, baina kontraerasoetan metroak galtzen zituen, donostiarren hiru laurden eta flankeren joko bertikal eta zuzenaren ondorioz. Horrela, etxekoek bertze hiru entsegu lortu eta neurketa erabaki zuten, behin-betiko 44-5ko markagailua lortuz.
Beltz eta txurien hurrengo aurkaria La Unica izanen da, gizonezkoen kasuan bezala. Plaiaundin ariko dira hauek ere, urriaren 24an.
Harrobiaren lan bikaina
16 urtez azpiko taldeak garaipen zabala lortu zuen Uni Bilbao Bren kontra 121-0ko markagailuarekin irabaziz. Hasieratik bukaerara nagusitu zen partidan. 14 urtez azpikoek sevens jardunaldi berri bat jokatu zuen Lasarte-Orian, azken jardunaldian baino sentsazio hobeekin bukatuz neurketa.