Errugbi eskolen topaketa ospatuko da iganden Hondarribiako hondartzan

2025/10/02
Txingudi Rugby Klubeko errugbi eskolako jokalariek hartuko dute parte topaketan, Gipuzkoako, Nafarroako, Arabako eta Errioxako bertze klubetako errugbilariekin batera. Guztira, 400 haur biltzea aurreikusi dute goiz osoan zehar aitzinera eramanen diren partiduak jokatzen.
Errugbi eskolen topaketa ospatuko da iganden Hondarribiako hondartzan
Txingudi RC

Txingudi Rugby Klubeko errugbi eskolako jokalariek denboraldiari hasiera emanen diote igande honetan, urriaren 5ean, Hondarribiako hondartzan ospatuko den topaketarekin. Gipuzkoako, Nafarroako, Arabako eta Errioxako zenbait errugbi klubek hartuko dute parte bertan, guztira 400 bat haurrek. Goizeko 10:30etik aitzinera errugbiaz gozatzen ariko dira partehartzaileak, horretarako prestatu dituzten hamar zelaitan. 8 eta 11 urte bitarteko haurrek jokatuko dituzte partiduak, 10 eta 12 urtez azpiko mailetan banatuta.

Euskal Ligak abiatuko dira asteburuan

Txingudi Rugby Taldeko senior mailako gizonezkoen Zaisa Txingudi taldeak Euskal Ligari hasiera emanen dio asteburu honetan. Denboraldiko lehen jardunaldia jokatuko du talde irundarra, Iruñean, La Unica B taldearen kontra. Neurketa larunbatean ospatuko da, urriaren 4an, 15:00etan. Taldeak berritasun bat du gainera, azken asteetan entrenatzaileen lan taldera Marco Dufrechou Angeluko prestatzailea batu baita. Berekin batera, Iñigo Camarerok, Leire Muñoz Caok eta Tom Walshek segituko dute lanean. 

Hauez gain, 14, 16 eta 18 urtez azpiko taldeek lagunartekoak jokatuko dituzte. Gazteenak Arrasaten izanen dira Deba Arroa eta Gaztediren kontrako lagunartekoak jokatzen, igandean (urriaren 5ean), 10:30ean. Egun berean, 16 eta 18 urtez azpikoak Getxon izanen dira, bizkaitarren kontrako lagunartekoa jokatzen. Gazteenek 11:00etan jokatuko dute, helduenek berriz, 12:30ean.