Eskifaiak odolberriturik, ziklo berriaren lehen paladak emateko prest da Ama Guadalupekoa
San Juan bezperako aurkezpen ekitaldian Joxemi Elduayen presidenteak iragarri zuen, aurten bigarren txandan buru eta ohorezkoan sartzeko lehian aritzeko erronka daukatela. Izan ere, belaunaldi aldaketa sakona egin dute mutilen lehenbiziko traineruan. «Etxeko arraunlari gazteen aldeko apostua egin du elkarteak, eta ziur nago datozen urteetan goi maila mantentzeko aukera izango dugula», dio Mikel Orbañanos entrenatzaileak. Trebatzaile oriotarra 2002an hasi zen Hondarribia Arraun Elkartean lanean, eta harrobian konfiantza mantentzen du, eskarmentua baitu halako ziklo aldaketak egiten, eta «Hondarribiak beti eman ditu fruitu onak». Haatik, kupoen araudiak eta harrobiko arraunlarien kopuruen eragina ikusteko dago denboraldi berrian.
Nesken kasuan, aldiz, Arraun Lagunak eta Tolosaldea dira faborito nagusiak Euskotren Ligan. Eta denboraldi honetan sei baja izan dituzten arren, beste hainbeste arraunlari berri batu dira Hondarribiko eskifaiara. Iker Cortes hondarribiarren entrenatzaileak pausuz pausu joatea nahiago badu ere, «lehiatzeko prest» daudela nabarmendu du, prestaketa fasea luze egin zaiela aitortu baitigu.