ETE Ligan ariko dira heldu den denboraldian Hondarribiako emakumeak
Euskotren Ligan, Ligako azken bi estropadak jokatu dituzte asteburu honetan. Larunbatean, abuztuaren 23an, Ondarroan izan ziren lehian eta bertan, zazpigarren (11:05,38) postuan bukatu zuten hondarribitarrek. Biharamunean berriz, Getarian, postua errepikatu zuten hondarribitarrek (11:05,30), baita Liga irabazi berri duen Donostia Arraun Lagunak taldeak ere, azken bi estropadetan garaipena eskuratu baitzuten donostiarrek, erran bezala, Ligako txapeldun bilakatzeko. Hondarribitarrak berriz, mailaz jeitsiko dira eta ETE Ligan ariko dira heldu den denboraldian, aurten ez baitituzte lortu behar bezalako emaitzak maila mantentzeko. Hala ere, patroi onenaren saria Miren Garmendiarentzat izan zen, beraz puntu positiboa ere izan du aurtengo denboraldiak eta horixe nabarmendu dute bai Iker Cortes entrenatzaileak, baita Miren Garmendia patroiak berak ere.
Euskolabel Ligan, ur beretan aritu dira lehian asteburu honetan. Larunbatean Ondarroan, Oriok eskuratu zuen garaipena eta Hondarribia seigarren izan zen (20:28,10). Atzo berriz, Getarian, Hondarribiak postu bera errepikatu zuen (20:15,66), baina Zierbenak lortu zuen garaipena. Hauek oraindik ez dute denboraldia bukatu, heldu den asteburuan Galiziara bidaiatuko dute, Bueu eta Aresera, baina hauek ere emaitza onak lortzen ari dira, lan ona egiten ari dira eta hori patroiaren sailkapenean isladatuta gelditu da, kasu honetan ere, Ioseba Amunarriz baita bertako liderra.
KAE1 Ligan azkenik, larunabatean, Bilbon izan ziren lehian Hondarribiako bigarren traineruko gizonezkoak eta zortzigarren postua lortu zuten bertan, Zumaiak irabazi zuen egun berean. Atzo berriz, Castron lehiatu ziren eta bertan, laugarren sailkatu ziren. Itxasoko Amak irabazi zuen atzoko estropada.