Hondarribiak ez du lortu Kontxako Banderarako sailkapena
2026/09/04
San Juan izan zen denborarik onena lortu zuen trainerua eta beraz, Kontxarako sailkatzea lortu zuen Astillero, Tolosaldea, Orio, Hibaika eta Donostiarrarekin batera. Zazpi ontzi horiekin batera, Donostia Arraun Lagunak taldea ere ariko da hurrengo bi igandeetan Kontxako Banderaren lehian. Ama Guadalupekoak berriz, ez zuen helburua lortu. Zortzigarren izan zen atzoko estropadan eta beraz, kanpoan gelditu zen. Mailaz igotzeko playoff-ak izanen dira berdeen hurrengo erronka.
Kontxako Banderarako sailkapen estropadak ospatu ziren atzo arratsaldean, Donostiako uretan. Emakumeen txanda zen atzokoan eta Hondarribia, San Juan, Astillero, Tolosaldea, Orio, Hibaika eta Donostiarra aritu ziren lehian, zazpi txartelen bila. Batelerak izan ziren denbora onena egin zutenak (10:57.06) eta ondotik sailkatu ziren Astillero (11:00.88), Tolosaldea (11:00.92), Orio (11:01.02), Hibaika (11:02.46) eta Donostiarra (11:04.90), Zarautz (11:06.66) eta Hondarribia (11:11.22). Lehen zazpiak beraz, Donostia Arraun Lagunak traineruarekin batera, ariko dira hurrengo bi igandeetan Kontxako Banderaren alde borrokan.
Hondarribiak aldiz, ez zuen helburua lortu eta azken sailktua izanik, Kontxatik kanpo gelditu zen. Hala ere, ETE Ligako txapeldun bilakatuta, sasoi onean daudela erakutsi zuten eta dagoeneko hurrengo erronkari begira jarri dira, Euskotren Ligara igotzeko playoff-etara alegia.
Gizonezkoak Kontxako Banderaren bila
Kontxako Banderan, hala ere, Ama Guadalupekoaren ordezkaritza egonen da, gizonezkoak bertan izanen direlako. Heldu den igandean, irailaren 6an, jokatuko da lehen jardunaldia 11:00etatik aitzinera. Lehenik emakumeak ariko dira lehian, ondotik, 12:00etan, gizonezkoak.