Galiziako estropadak bukatuta, Kontxara begira dago Hondarribiako lehen trainerua

2025/09/01
Hondarribiako Ama Guadalupekoak zazpigarren eta bostgarren postuak eskuratu ditu asteburuan, Bueun eta Aresen hurrenez hurren. Ioseba Amunarrizek ere sendo eutsi dio patroi onenaren lidergotzari eta horrela, taldeak indarrez ekinen dio astetartez Kontxarako Banderarako sailkapenei. Hori baita denboraldiko hitzordu eta helburu garrantzitsuenetako bat, Donostiako uretan maila ahalik eta hoberena ematea.
Galiziako estropadak bukatuta, Kontxara begira dago Hondarribiako lehen trainerua
Aitor Arrizabalaga/ACT

Galizian izan da Hondarribiako Ama Guadalupekoa asteburuan. Larunbatean, abuztuaren 30ean, Bueun jokatu zuen bandera eta zazpigarren postuan bukatu zuen lehia, 20:54,90ko denbora eginez. Igandean berriz, abuztuaren 31n, Aresen jokatu zuten asteburuko azken estropada eta bertan, bostgarren izan zen Hondarribia (20:49,58). Bietan ere Orio izan zen garailea, sailkapen orokorrean bere lidergotza sendotuz. Gauza bera egin zuen bi jardunaldietan Ioseba Amunarrizek ere, Hondarribiako patroiak. Izan ere, bere lidergotza sendotu zuen patroi onenaren sailkapenean, 155 puntu batuz guztira. 

Honen ondotik, Kontxako Bandera izanen dute begiz jota hondarribitarrek, bai gizonezkoek, baina baita emakumeek ere. Astetartez jokatuko dituzte sailkapen estropadak. Emakumeek asteazkenean, irailaren 3an, izanen dute lehia 18:00etatik aitzinera. Biharamunean berriz, gizonezkoen txanda izanen da, ordu berean. Ondotik, irailaren 7an jokatuko da Kontxako lehen jardunaldia eta astebete beranduago, irailaren 14an, bigarrena. 

Hurrengo denboraldirako KAE1 mailan egotea bermatu du bigarren taldeak

Hondarribiako gizonezkoen bigarren taldeak heldu den denboraldirako bere lekua bermatu du KAE1 Ligan. Portugaleten eta Castron jokatuko dituzte play-offak asteburu honetan eta bigarren eta lehen postua eskuratu dituzte, hurrenez hurren. Horrela, maila bermatu dute hondarribitarrek eta heldu den denboraldirako euren lekua egin dute KAE1 Ligan.