Helburu guztiak beteta denboraldia bukatutzat eman du Biok Txingudik

2025/05/07
Euskal Ligako finalerdietan porrot egin zuen Txingudi Rugby Klubeko senior mailako emakumeen taldeak, Durango Ermarmotor taldearen kontra 75-12ko markagailua erdietsita. Hala ere, bigarren urtez segidan, helburu guztiak bete dituzte jokalari eta teknikariek.
Helburu guztiak beteta denboraldia bukatutzat eman du Biok Txingudik
Durango Ermarmotor 75
12 Biok Txingudi

Denboraldia bukatu da Txingudi Rugby Klubeko Biok Txingudi taldearentzat, Euskal Ligako finalerdietan Durango Ermarmotor taldearen kontra 75-12 galdu ondotik. Mugakoek porrot egin bazuten ere, Euskadiko lehen mailara sailkatzea lortu dute aurtengoan, eta laugarren postuan bukatu dute Liga, Gipuzkoako bigarren talderik onena izanda, Ohorezko B mailan dagoen Eibarren gibeletik. 

Pasa den larunbateko erronka zaila zela bazekien taldeak eta denboraldiari ahal bezal bukaerarik onena ematea zuten begiz jota. Belar artifizialean aritu ziren eta Durangok baloia azkar mugitzea eragin zuen honek. Horrela, lehen hogei minutuetan 28 puntuko aldea ireki zuen etxeko taldea, eraldatutako lau entsegu eginez. Mugakoen indarra meléan zegoen eta hori baliatu zuten aurkariaren jokoa geldiarazteko. 30. minutuan, Miren fernandezek lehen entsegua egin zuen eta 28-5ekoa ezarri zuen markagailuan. Hala ere, Durangok bere joko azkarra inposatzen segitu zuen eta bertze bi alditan zulatu zuen bidasotarren defentsa, atsedenaldira 42-5ekoarekin ailegatuz. 

Bigarren zatian, jokoaren erritmoak behera egin zuen, nahiz eta etxekoek kontrolpean eduki partidua. Abantaila ere handitu zuten bi entsegu eta eraldaketa batekin (54-5). Neurketa exijentea izan bazen ere, Txingudikoek ez zuten behin ere amore eman eta saiatzen segitu zuten Miren Fernandezek bigarren entsegua lortu arte, Leire Muñozek eraldatu zuena (54-12). Norgehiagoka erabakita bazegoen ere, etxekoek azken hitza eduki nahi zuten eta hiru entsegu eraldatu gehaigorekin bukaera eman zioten jardunaldiari, 75-12ko behin-betiko emaitza ezarriz. 

Porrotarekin baina pozik bukatu zuen denboraldia Biok Txingudik. Bigarren urtez segidan Euskal Ligan aritzea garaipena da dagoeneko beraientzat eta hori sentsazio eta emaitza onekin borobildu ahal izan dute aurtengoan. Play-offetara sailkatzea ere positiboki baloratu dute, baita sailkapeneko laugarren postuan bukatzea ere. Erronka zaila zen guzti hau eta lortu egin dute, Gipuzkoako bigarren talde hoberena izanda. 

18 urtez azpikoek galdu eta 16 urtez azpikoek irabazi

Txingudi Rugby Klubeko gazteek emaitza gazi-gozoak lortu zituzten asteburuan. Alde batetik, 18 urtez azpiko Txingudi/Bera Bera/Baztan taldeak 50-21 galdu zuen Gernikan, pasa den larunbatean. Bertzalde, 16 urtez azpiko Txingudi/Baztanek garaipen borrokatua lortu zuen etxean, Zarautz/Beltzak taldearen kontra 35-26 irabaziz. 

16 urtez azpikoak eta errugbi eskolako jokalariak lehian

Heldu den asteburuan, maiatzaren 10ean, 16 urtez azpiko Txingudi/Baztan taldea izanen da lehian berriz ere. Lekarozen arituko dira, 11:00etan, La Unica taldearen kontra. Biharamunean, maiatzaren 11n, eskolako errugbilarien txanda izanen da, Kontxako topaketan. 10 eta 12 urtez azpiko taldeak Donostiako hondartzan izanen dira, Gipuzkoa osoko bertze taldeen kontra jokatzen.