Hondarribia Arraun Elkarteak bere traineruen aurkezpena egin zuen suaren bueltan

2025/06/24
San Joan bezpera edo udako solstizioaren besta aitzaki hartuta, urtero bezala, Hondarribia Arraun Elkarteak bere hiru talde nagusien aurkezpena egin zuen atzo arratsean herrian, suaren bueltan. Hain zuzen ere, su horrek txar guztiak erre eta gauza onak ekartzea espero dute arraunlari guztiek, batzuentzat hasiberri eta bertzeentzat hastear dagoen denboraldi berri honetan.
Hondarribia Arraun Elkarteak bere traineruen aurkezpena egin zuen suaren bueltan
Bidasoko Hitza

San Joan egunaren bezpera aprobetxatu zuen Hondarribia Arraun Elkarteak, bertze urte batez, bere hiru talde nagusien aurkezpena egiteko. Suaren bueltan azaldu ziren emakumeen taldeko arraunlariak, baita gizonen bi taldeetakoak ere. Banan-banan igo ziren oholtza gainera, entrenatzaileen laguntzaz, eta azken hauek hasiberri edo hastear duten denboraldiaren aurreikuspena egin zuten. 

Hasteko, Mikel Orbañanosek gidatzen duen gizonezkoen A ontzia aurkeztu zuten, eta ezer baino lehen bertaratu ziren herritarrei eskerrak eman zizkien entrenatzaileak aurkezpenera hurbildu izanagatik. Ondotik, Eusko Label ligako bigarren txandan ahalik eta hoberen ibiltzen saiatuko direla adierazi zuen, eta zenbait momentutan lehen txandan sartzeko gai izanen direla sinesten duela ere argitu zuen.

Emakumeen ontzia berriz, Iker Cortesek zuzentzen du, azken urteetan bezala, eta aurtengo negua gogorra izan dela onartu zuen. Gazte mailako zenbait arraunlari igo diren arren, justu ibili dira trainerua osatzeko. Horregatik, heldu den urteari begira Hondarribiko neska gazteei arraunera animatzeko deia egin zien sestaoarrak. Azkenik, gizonezko B ontziaren aurkezpena egin zuten, Gonzalo Carrion taldearen entrenatzailearen eskutik. Uda honetan Camargo eta Castreña ontziekin lehia polita izanen dutela adierazi zuen hondarribiarrak eta Deustoarrak harrapatzen ere saiatuko direla. Hauek hasiberri dute KAE1 Liga, pasa den asteburuan lehiatu baitziren lehen aldiz, 10. eta 12. postuak lortuta. Ez zuten nahi bezala hasi denboraldia, baina liga luzea dela azpimarratu zuen Carrionek eta asteburu honetan arantza kentzeko astia izanen dutela ere argitu zuten.

Azkenik, Igor Enparan alkateak traineru guztiei denboraldirako zorte ona opa zien eta gazte mailako arraunlariak zoriondu zituen, iragan asteburuan Sevillan jokatu zuten Espainiako txapelketan izandako emaitza bikainengatik. Hain zuzen ere, zilarrezko hiru domina eta brontzezko bertze hiru eskuratu zituzten elkarteko gaztetxoenek: nesken kadete laukoan, mutilen kadete laukoan (lemazain gabe), mutilen zortzikoan (lemazainarekin),  mutilen gazte mailako laukoan (lemazain gabe), nesken gazte mailako laukoan (lemazain gabe) eta mutilen gazte mailako zortzikoan (lemazainarekin).

Aurkezpena borobiltzeko, Meakako Adixkideak Dantza Taldeak saioa eskaini zuen eta segidan, alkateak, udal zinegotziekin eta Hondarribia Arraun Elkarteko patroiekin, sua piztu zuten.