Hondarribia bostgarren eta seigarren Galiziako estropadetan
2026/08/31
Boiron eta Aresen jokatu dira asteburu honetan Euskolabel Ligako estropadak eta bietan Orio izan zen nagusi, matematikoki lortuz bere Ligako bigarren txapela segidan. Hondarribiak bostgarren postua lortu zuen larunbatean eta seigarrena igandean, sailkapen orokorrean ere bostgarrena bermatuz, baita patroi onenaren saria ere. Ioseba Amunarrizek, bertze urtez batez, titulu hori lortu baitu matematikoki.
Euskolabel Ligako traineruak Galizian izan dira asteburuan lehian. Boiron eta Aresen jokatu dira estropadak, larunbat eta igandean hurrenez hurren, eta bietan Orio izan da nagusi, Ligako txapela lortuz matematikoki bigarren urtez segidan. Hondarribiak bostgarren eta seigarren postuak lortu ditu asteburuan eta sailkapen orokorrean, bostgarrena ere bermatu du. Patroi onenaren saria berriz, Ama Guadalupeko Ioseba Amunarrizentzat izanen da bertze behin. Honen ondotik, Kontxarako sailkapen estropadei begira ari dira guztiak, astean zehar jokatuko dena.
Larunbatean Boiron izan ziren lehian lehen mailako gizonezkoen traineruak. Lehen txandan Ares nagusitu zen, 22:03,64ko denboran osatuz estropada. Bigarren txandan berriz, Ama Guadaluekoak lortu zuen denborarik onena (21:17,50) eta hirugarrenean, Orio handia azaldu zen. Bermeorekin izan zuen lehiarik estuena honek, baina bandera irabaztea lortu zuen, ia 14 segunduko aldearekin. Horiek 20:24,94ko denbora eskuratu zuten.
Igandean berriz, Aresen aritu ziren lehian. Lehen txandan San Juan izan zen nagusi, euren garaipen txikia lortuz. Izan ere, Euskolabel Ligan euren lekua bermatzea lortu zuten 20:36,38an geldituz kronoa eta zazpigarren postua lortuz. Bigarren txandan Donostiarra nagusitu zen (20:19,84) eta Hondarribia izan zen bigarren (20:29,58). Azkenik, hirugarrenean, berriz ere Orio azaldu zen eta garaipena eskuratu zuen, 20:13,66ko denbora eginez, eta matematikoki Ligako txapeldun bilakatuz bigarren urtez segidan. Atzoko estropadan Zierbena izan zuen aurkaririk gogorrena eta lau segunduko aldea soilik atera zion traineru horiak bizkaitarrari.
Honekin beraz, Orio da matematikoki Euskolabel Ligako txapelduna bigarren urtez segidan. Hondarribiak sailkapen orokorreko bostgarren postua bermatu du, baita patroi onenaren saria ere, Ioseba Amunarrizek eskuratuko duena bertze urte batez. Amunarrizek ordezkoa ere baduela agerian gelditu zen atzoko estropadan, harrobiko arraunlaria den Martin Muñozek egin baitzituen Aresen patroi lanak. Agerian gelditu zen honekin Hondarribia Arraun Elkarteak harrobiarekin egiten duten lana, traineru osoa bertako fruitua baitzen atzokoan, Ama Guadalupekoak etorkizuna duela ziurtatuz. Orain Kontxako Bandera izanen dute begi bistan guzti hauek, bi asteburuz bertan lehian egoteko sailkapen estropada hain zuzen ere. Asteazkenean, irailaren 2an, gizonezkoen sailkapen estropada jokatuko da 18:00etan eta biharamunean, emakumeena, ordu berean.