Hondarribiak bandera irabazita ekin dio ETE Ligari

2026/06/23
ETE eta KAE1 Ligak hasi dira eta Hondarribiako bi traineruak euren asmo garbiak erakutsi dituzte dagoeneko lehen estropadetan. Emakumeek bigarren postua eta bandera lortu zituzten, larunbat eta igandean hurrenez hurren. Euskotren Ligara igotzea dute helburu aurtengo denboraldian eta indartsu hasi dira horren bila. Gizonen bigarren trainerua berriz, seigarren eta bostgarren sailkatu zen asteburuko bi estropadetan.
Hondarribiak bandera irabazita ekin dio ETE Ligari
ETE eta KAE1 Ligak hasi berri dira eta Hondarribiako traineruek lehen estropadetatik erakutsi dute zeintzuk diren euren helburuak aurtengo denboraldian, batez ere emakumeek. Euskotren Ligara igotzea dute desio eta lehen pausua eman dute horretarako, igandeko bandera poltsikoratuz. Pasaian jokatu zen V. Hermanito bandera eta bertan gailendu ziren hondarribiarrak. Astilleron hasi zuten denboraldia bi traineruek. Emakumeek bertako IV. Bandera izan zuten jokoan eta ederki hasi zuten denboraldiko lehen estropada bigarren ziabogara arte lehen postuari etsiz. Ondotik, Zarautzek hartu zuen lidergotza eta garaipena ere berak eraman zuen. Hondarribia bigarren postuan sailkatu zen, Kaikuren aitzinetik. Biharamunean, Pasaian izan ziren berriz ere lehian, Hernaniko V. Bandera jokoan zutela. Larunbateko lehen hiru sailkatuak nabarmendu ziren berriz ere, kasu honetan, Kaiku ibili zen estropadaren buruan lehen ziabogan. Hala ere, Hondarribian aurreratu zuen eta azkenik, berdeek eraman zuten garaipena, denboraldiko lehen bandera erdietsiz. Bigarren sailkatua Zarautz izan zen eta hirugarrena Kaiku. Horrela, sailkapen orokorrean, Zarautz eta Hondarribia berdinduta daude lehen postuan, 15 punturekin biak. Hurrengo estropada larunbatean izanen dute, ekainaren 27an, Elantxoben, 12:00etan. Gizonezkoak seigarren eta bostgarren denboraldiko lehen estropadetan Gizonetan ere lehia bizia ikusi ahal izan zen asteburuko KAE1-ko lehen estropadetan. Larunabtean Astilleron aritu ziren lanean ere eta Hondarribiak seigarren postua eskuratu zuen bertan. Bigarren txandan aritu zen, eta lehen ziabogan dagoeneko Zumaiako eta Zarauzko arraunlarien traineruak aitzinetik jarri ziren. Hain zuzen ere bi hauek izan zen lehen postuetan sailkatu zirenak, lehenean Zarautz, bigarrenean Zumaia. Hondarribiak berriz, seigarren postua eskuratu zuen. Biharamunean, III. Adinberri Bandera izan zuten gizonezkoek jokoan. Bigarren txandan lehiatu zen berriz ere Hondarribia eta bigarren postua eskuratu zuen bertan, San Pedroren gibeletik. Azkenik, bostgarren postua eskuratu zuen, Deusto nagusitu zen estropadan. Zarautz eta Zumaiak bete zituzten bigarren eta hirugarren postuak. Sailkapen orokorrean, Hondarribiak ere bostgarren postua lortu du, 15 punturekin. Honen ondotik, asteburu honetan Plentzian lehiatuko da gizonezkoen bigarren taldea, larunbatean, ekainaren 27an, 16:00etan. Aldi berean, gizonezkoen lehen taldeak denboraldiko hasiko du Madrilen, Buitrago de Lozoyako urtegian.