Hondarribiak bi bigarren postu eskuratu ditu asteburuan
2026/08/17
Euskolabel Ligan ari den traineruak Getarian lortu zuen atzo Orioren gibeletik sailkatzea. ETE Ligako emakumeek ere gauza bera egin zuten larunbatean Castron. Zarautzen atzetik, hiru sengundu eskasera, helmugaratu ziren eta bigarren postua eskuratu zuten. Edonola ere, hauek sailkapeneko lidergotza mantentzen dute, denboraldia bukatzeko bi estropada bakarrik gelditzen direnean jokoan.
Hondarribia Arraun Elkarteak asteburu borobila bizitu du. Euskolabel Ligako trainerua Pasai Donibanen eta Getarian lehiatu zen larunbat eta igandean, hurrenez hurren. Bietan Orio izan zen garailea eta Hondarribiak gutxitik gehiagora egin zuen. Pasai Donibanen, 20:15,26ko denbora eginez, zazpigarren sailkatu zen. Igandean berriz, Getarian, Oriok baino zortzi segundu gehiago behar izan zituen soilik helmugaratzeko eta honekin, bigarren postua eskuratu zuen, bigarren txandako estropadarik onena osatu ondotik. Emaitzarekin pozik azaldu dira arraunlariak, baita Mikel Orbañanos entrenatzailea ere, eta horrela, gogoz ekinen diote denboraldiko azken txanpari. Hurrengo asteburuan hitzordu garrantzitsua izanen dute gainera, Zarauzko XLIX. Ikurriña izanen baita jokoan bi egunez, udako urteroko bertze mugarrietako bat.
ETE Ligako emakumeek ere bigarren postua eskuratu zuten, pasa den larunbatean Castron. Zarautz izan zen nagusi eta hiru segundu gehiago behar izan zuten hondarribiarrek bigarren postuan helmugaratzeko. Horrela, sailkapen orokorrean, Zarautz berdeengana hurbildu bada ere, oraindik lidergotzan segitzen dute Miren Garmendiak gidatutako arraunlariek. Hala ere, hitzorduari zaila izanen dute hurrengoa eta gogor borrokatu beharko dute lehen postu horrengatik, etxean jokatuko baitute euren aurkari zuzenak. Heldu den larunbatean, abuztuaren 22an, Zarauzko Arraun Elkartearen VI. Ikurriña izanen da jokoan. Igandean berriz, Emakumeen Bilboko XI. Ikurriña - Ane Aizpururen VI. oroimena jokatuko da.
Azkenik, KAE1 Ligan, Hondarribiak bostgarren postua eskuratu zuen Castron larunbatean ere, 22:07,58ko denbora lortuz, Zarautz nagusi izan zen estropadan. Emakumeen bezala, hauek ere Zarautzen eta Bilbon izanen dituzte hurrengo asteburuko estropadak.