Hondarribiak bostgarren postuan bukatu du 2025eko Euskolabel Liga
Euskolabel Liga bere bukaerara iritsi da asteburu honetan. Bermeon eta Portugaleten jokatutako azken bi estropaden ondotik, denboraldiari bukaera eman zioten arraunlariek. Oriok lortu zituen azken bi banderak ere eta ondorioz, Ligako txapeldun bilakatu dira horiak, 234 punturekin guztira. Hondarribiak, bere aldetik, bi laugarren postu eskuratu zituen asteburuko estropadetan eta sailkapen orokorrean, bostgarren izan da Ama Guadalupekoa, 159 punturekin guztira. Ioseba Amunarrizek berriz, patroi onenaren saria lortu du.
Bermeon eman zioten hasiera arraunlariek Euskolabel Ligako azken asteburuari. Oriok, bere aurtengo nagusitasuna berretsiz, garaipena eskuratu zuen bertako uretan, 20:39,42ko denborarekin. Horien ondotik, bertze traineru hauek helmugaratu ziren: Getaria (20:46,24), Zierbena (20:50,90), Hondarribia (20:57,26), Bermeo (21:01,98), Donostiarra (21:05,26), Lekittarra (21:16,98) eta San Juan (21:46,76).
Igandean berriz, Portugaleten eman zioten bukaera denboraldiari. Azken estropada honetan ere Orio izan zen garailea, 19:40,30ko denbora eginez. Bere gibeletik, Zierbena (19:42,86), Getaria (19:49,04), Hondarribia (19:51,04), Bermeo (20:00,40), Donostiarra (20:09,16), San Juan (20:10,54) eta Lekittarra (20:36,22) sailkatu ziren.
Sailkapen orokorrean, Orio izan da bertze behin Ligako garailea, 234 puntu batuta guztira. Hondarribiari dagokionez, 159 punturekin, bostgarren postuan sailkatu da azkenik. Mikel Orbañanos entrenatzaileak adierazi duenez, "balorazio positiboa" egiten dute hondarribiatarren aurtengo denboraldiaren inguruan. Trantsizio denboraldia zen Ama Guadalupekoarentzat aurtengoa, gaztez osaturiko trainerua zutenez gero. Banderarik irabazi ez badute ere, pozik gelditu dira egindako lanarekin eta emandako mailarekin ere. Bostgarren postua ontzat eman dute beraz, baita Ioseba Amunarrizek irabazitako patroi onenaren saria ere, 155 punturekin, liderra izan baita patroi guztien artean.