Hondarribiak hasi du Euskolabel Ligako denboraldia

2026/07/01
Aurtengo Liga Buitrago de Lozoyan (Madril) hasi zen, pasa den igandean, ekainaren 28an. Bertan, Oriok irabazi zuen denboraldiko lehen bandera, Zierbena izan zen bigarren eta Donostiarra hirugarren. Hondarribia berriz, seigarren postuan sailkatu zen zazpi puntu batuta guztira. Larunbat honetan, uztailaren 4an, Bilbon izanen dute lehen taldeko gizonezkoek bigarren estropada.
Hondarribiak hasi du Euskolabel Ligako denboraldia
Euskolabel Liga hasita, Hondarribiako traineru guztiak lanean hasi dira dagoeneko. ETE eta KAE1 Ligakoek hasiak zuten udako sasoia eta, azken asteburuan, gauza bera egin dute lehen mailako arraunlariek. Buitrago de Lozoyan, Madrilen, hasi dute aurtengo denboraldia, ekainaren 28an ospatutako lehen estropadan. Aurten Euskolabel Ligan ariko diren hamabi traineruak aritu ziren lehian: Ares, Bermeo, Chapela, Donostia, Getaria, Hondarribia, Lekittarra, Ondarroa, Orio, San Juan, Santurtzi eta Zierbena. Denetatik hoberena, pasa den urteko garailea izan zen, Orio, estropada 19:40,52ko denboran eginez. Zierbena izan zen bigarren (19:48,38) eta Donostiarra hirugarren (19:48,42). Hondarribiak berriz, seigarren postua eskuratu zuen, 20:08,50ko denbora eginez eta zazpi puntu batuz sailkapen orokorrera. Bigarren txandan atera zen Ama Guadalupekoa lanak osatzera eta bigarren postua eskuratu zuen orduan, Getariaren gibeletik. Berdeak pozik gelditu ziren lehen estropada honetan egindako lanarekin eta dagoeneko bigarrenari begira ari dira. Uztailaren 4an, larunbatean, Bilbon ariko baitira lehian, XVII. Bilboko Bandera jokoan izanen dutela. ETE eta KAE1 Ligak ETE Ligan berriz, Hondarribiako traineruak Elantxobeko Andran I. Ikurriña izan zuen jokoan. Pasa den larunbat eguerdian lehiatu ziren eta berdeak bigarren izan ziren berriz ere, Zarautzen gibeletik. Sailkapen orokorrean ere bata bertzearen gibelean daude kokatuta, puntu bakarreko aldearekin eta beraz, hurrengo asteburuetan izanen dute lehen postuarengatik lehiarik gogorrena. Hala ere ez da erraza izanen, heldu de igandean, uztailaren 5ean, Zarautzen ariko baitira lanean, Emakumezkoak I. Gesalaga Okelan Bandera lortzeagatik. Estropada 12:30ean hasiko da. KAE1 Ligan azkenik, Plentzian ospatu zen azken estropada, pasa den larunbatean ere. Hondarribiak seigarren postua eskuratu zuen bertan, Deustok irabazi zuen jardunaldian. Sailkapen orokorrean berriz, berdeak bostgarren postuan daude kokatuak, 22 punturekin guztira, liderra den Deustotik hamabi puntuetara. Gizonezkoen bigarren traineruak larunbatean, uztailaren 4an, jokatuko du hurrengo estropada, kasu honetan Donibane Lohizunen, 17:00etan.