Hondarribiako trainerua ETE Ligako txapeldun

2026/08/24
Denboraldiko azken asteburua jokatuta, Hondarribiako emakumeak ETE Ligako txapeldun bilakatu dira, Bilboko azken bandera ere poltsikoratuz. Lidergotza lortuta, orain igoera dute begiz jota, irailaren bukaeran jokatuko dena. KAE1 Ligan ere denboraldiko helburua lortu dute asteburuan, heldu den urtera begira maila mantentzea alegia. Euskolabel Ligan azkenik, Hondarribia laugarren sailkatu zen Zarauzko estropadan.
Hondarribiako trainerua ETE Ligako txapeldun
Hondarribiko ETE Ligako traineruak denboraldia txapelarekin borobildu du asteburu honetan. Zarauzko eta Bilboko azken estropadak jokatuta, Ligako txapeldun bilakatu dira emakumeak, denboraldiko lehen helburua lortuz honela. Lidergotzan izan dira berdeak azken aste luzeetan, baina Zarautz izan du beti gibeletik segika. Asteburuan, Zarauzko estropada izan zuten lehenik jokoan eta bertan, etxekoak izan ziren nagusi, zalantzan jarriz hondarribiarren helburua. Hala ere, bigarren sailkatuta, eskura zuen txapela lortzea eta horri begira ekin zion atzoko lanari. Bilbon aritu ziren lehian igandean, denboraldiko azken estropadan, eta bertan Hondarribiak lortu zuen garaipena Zarautzen aitzinetik. Bi puntuko aldeari eutsiz, ETE Ligako txapeldun ere bilakatu zen Ama Guadalupekoa. Denboraldiko lehen helburua lortuta, harrera beroa egin zieten herrian arraunlariei atzo ilunabarrean. Denak pozik azaldu ziren garaipenarekin, urte osoko lanaren fruitua izanik. Pasa den denboraldi bukaeran jaitsiera sufritu zuten arraunlariek, baina amore eman beharrean, lanean gogor aritu ziren hasieratik orain lortu dutena lortu ahal izateko. Ospakizunei tartea eskaini zieten atzokoan, baina iraila bukaeran izanen duten hurrengo erronka ahantzi gabe. Izan ere, Euskotren Ligara igoera izanen dute jokoan orduan, denboraldiko bertze helburu nagusia izanen dena. KAE1 Ligako traineruak ere denboraldiko helburua lortu du KAE1 Ligako Hondarribiak gizonezkoen bigarren traineruak ere denboraldiko helburu nagusia lortu du asteburu honetan, maila mantentzea hain zuzen ere. Zarautzen seigarren izan ziren larunbatean eta atzo, Bilbon, zazpigarren. Horrela, denboraldia bukatuta, zazpigarren postuan kokatu dira sailkapen orokorrean, maila mantentzeko aski izan zaien postuan alegia. Deusto izan da, 182 punturekin, Ligako txapelduna. Euskolabel Ligan Hondarribia laugarren Zarauzko Ikurriñan Hondarribiko lehen traineruak hitzordu garrantzitsua izan zuen asteburu honetan, Zarauzko Ikurriña izan baitzuen bi egunez jokoan. Bi jardunalditan Orio izan zen garailea eta Hondarribiak laugarren postuan bukatu zuen estropada. Lehenbiziko jardunaldian 21:16,68ko denbora egin zuten berdeek, Bermeo, Zierbena eta Orioren gibeletik. Bigarrenean berriz, azkarrago joan zen estropada, Ama Guadalupekoak 20:33,47ko denbora egin baitzuen Lekittara, Getaria eta Orioren aitzinetik. Horrela, laugarren postua bermatu zuen sailkapen orokorrean behin asteburua bukatuta, sailkapen orokorrean ere bostgarren postua atxikiz. Honen ondotik, Kontxako Bandera baino lehen jokatu beharreko denboraldiko azken estropada izanen dute lehiatzeko. Kasu honetan, Boiron eta Aresen izanen dira Euskolabel Ligako arraunlariak, bertako estropadak jokatzen larunbat eta igandean. Hori bukatuta, Donostiako uretako hitzordu nagusia izanen dute begiz jota bi asteburuz. Euskotren Ligan, denboraldi osoan zehar bezala, Donostia Arraun Lagunak izan da aurkaririk gabeko garailea. 15 banderetatik 15 lortu ditu aurtengo udan eta horrela, bere nagusitasuna argi utzita, Ligako txapeldun ere izan da bortzgarren aldiz.