Inoiz baino bidasotar gehiago 2026ko Bidasoa Itzulian

2026/05/07
Maiatzaren 8an hasiko da Bidasoa Itzuliaren 52. edizioa eta berezia izanen da aurtengoa, inoiz baino bidasotar gehiago izanen delako lehian hiru egunez etxeko errepideetan. Guztira, Bidasoako 14 txirrindularik hartuko dute parte: Mikel Arriet Atondo, Igor Bilbao, Aitor Igor, Adur Tapia, Joan Cardona, Peru Garro, Oier Ugartemendia, Oier Handong Arana, Mikel Lizasoain, Mikel Bermejo, Oihan Apeztegia, Unax Larraburu, Eneit Bertiz eta Unai Barrio.
Inoiz baino bidasotar gehiago 2026ko Bidasoa Itzulian
Maiatzaren 8tik 10era ospatuko da Bidasoa Itzuliaren 52. edizioa, berezitasun batekin, inoiz baino bidasotar gehiago ariko dira lehian eskualdeko errepideetan. Guztira, 14 lasterkari izanen dira Baztan-Bidasoaldekoak, tokian tokiko txirrindularitza klubek egindako harrobiko lan onaren ondorioa, tartean Baztandarra edo Irunes taldeak, Jorge Garcia Bidasoa Itzuliko zuzendariak azpimarratu zuenez. Irabazteko faboritoen artean ez badira egonen ere, lehian ikusiko dituzte zaleek eta beraiek ere ilusioz daude etxeko lasterketa garrantzitsu honetan egoteagatik. Estatuko amateur mailako probarik garrantzitsuenetarikoa da Bidasoa Itzulia eta hori ere badakite eskualdeko txirrindulariek. Ohore bat da bertan egotea eta, etorkizunera begira, aurrerapausu handia. Horregatik beragatik, inoiz baino bidasotar gehiagok parte hartzea berezia da lasterketaren alde guztientzat: antolatzaile, talde, txirrindulari eta txirrindularitza zaleentzat. Jorge Garcia Bidasoa Itzuliko zuzendariak eskualdeko txirrindularitza klubak goraipatu ditu eta hau gertatzearen arrazoia beraiek harrobikoekin egiten duten lana dela aitortu du. Tartean, Baztandarra Kluba eta Irunes Txirrindularitza Taldea aipatu ditu, azken urteetan gora egin dutenak lizentzia kopuruetan eta proba desberdinak eta berriak antolatzera animatu direnak. Hain zuzen ere, harrobi horietatik atera dira aurten Bidasoa Itzulian parte hartuko dute bidasotar anitz. Guztira 14 izanen dira lehian egonen diren etxeko lasterkariak, Bortziritakoak, Malerrekakoak eta Txingudikoak denak: Mikel Arriet Atondo (Etxalar, Oreka IT-Zuia), Igor Bilbao (Irun, Oreka IT-Zuia), Aitor Igor (Sumbilla, Finisher), Adur Tapia (Irun, Euskadi Fundazioa), Joan Cardona (Hondarribia, Euskadi Fundazioa), Peru Garro (Hendaia, Gran Canaria-EKD), Oier Ugartemendia (Irun, Gran Canaria-EKD), Oier Handong Arana (Irun, Sima Cepial), Mikel Lizasoain (Donamaria, Sima Cepial), Mikel Bermejo (Irun, Hostal Latorre), Oihan Apeztegia (Sunbila, Hostal Latorre), Unax Larraburu (Sunbila, Hostal Latorre), Eneit Bertiz (Sunbila, JRG Coloma) eta Unai Barrio (Irun, JRG Coloma). Atondo etxalartarra izanen da bat zenbakia duen dortsala hiru egunez soinean eramanen duen txirrindularia, bere herrira ailegatuko den edizio honetan. Bere lehen parte hartzea izanen da proba honetan eta “ilusioz” dagoela onartu du: “Bidasoa Itzulian nagoela ikusteak ilusioa pizten dit eta gehiago Etxalarren bukatzeak”. Errepideak aski ezagunak ditu Atondok, batez ere bigarren etapakoak eta horrek agian abantaila emanen dio lasterkariari. Hala ere, espektatibarik gabe lehiatuko da: “Espero dut errepideak ezagunak izatearekin ongi aritzea. Sentsazio onak ditut eta horiekin aurrera, ea noraino ailegatzen garen. Hala ere, espektatibarik gabe noa, disfrutatzera gehien bat, helburu nahikoa baita niretzat hemen egotea”. Adur Tapia irundarra ere espektatibarik gabe aterako da eskualdeko errepideetara, nahiz eta bere bigarren parte hartzea izan. “Txikitatik” ikusi duen proba da hau eta “hori berezia” izanen da berarentzat, “lasterketan ezagunak diren errepideetatik pasatzea” alegia. “Esperientzia pixka bat” gehiagorekin irtengo da aurtengo edizioan, eta bere taldea, Euskadi Fundazioa, laguntzeko baliatuko du hori. Helburua beraz, “taldea laguntzea” izanen da irundarrarentzat, aitzindu duen bezala, “indartsu” baitaude bertako txirrindulariak. Bihar izanen dute tropeleko lasterkariek indarrak neurtzeko lehen aukera, baita eskualdeko zaleek ere hauetaz gozatzekoa ere. Eguraldia izanen da zalantza bakarra, bertze antolaketa lan guztiak prest daudelako 52. edizioari hasiera emateko. Bertze urte batez, Xorroxindik Txingudira joanen da Bidasoa Itzulia, aurtengoan inoiz baino bidasotar gehiagorekin.