Ioseba Amunarriz: «Onena izateko kuadrilla ona behar duzu. Ematen du patroi onenaren saria patroiarena bakarrik dela, baina kuadrilla osoaren lanarena da»

2026/09/01
30 urte baino gehiago daramatza Hondarribia Arraun Elkartean, horietako 25 lehen traineruko patroi gisa, Mikel Orbañanos entrenatzailearen eskutik emanak denak. Urte horietan guztietan, bortz aldiz izan da patroi onena, hirutan erdietsi du TKE Liga eta bortz Kontxako Bandera irabazi ditu. Ibilbide oparo hori aitortzeko, Hondarribiko Udalak urtero ematen duen Herriko Urrezko Intsignia jasoko du aurtengoan, irailaren 7an.
Ioseba Amunarriz: «Onena izateko kuadrilla ona behar duzu. Ematen du patroi onenaren saria patroiarena bakarrik dela, baina kuadrilla osoaren lanarena da»
ACT/Aitor Arrizabalaga
Asteazken honetan, irailaren 2an, jokatuko da Kontxarako Banderan egoteko sarbidea ematen duen sailkapeneko estropada. Hori erdiesteko entrenamendu gogorretan buru-belarri sartuta daude Hondarribia Arraun Elkarteko emakume eta gizonezkoak, baita bi traineruetako patroiak ere, tartean Ioseba Amunarriz. Hondarribiarrak pasa den asteburuan jantzi zuen aurtengo Euskolabel Ligako patroi onenaren txapela, bigarren ustez segidan lortzen duen garaipena. Eskarmentua du Amunarrizek sailkapen horretan, aurtengoa bosgarren txapela baita. Ez da hilabete honetan jasoko duen aitortza bakarra, izan ere, Hondarribiko Udalak urtero banatzen duen Herriko Urrezko Intsignia beraiei ematea erabaki dute bozketa bidez hondarribiarrek eta beraz, gutienez bi aldiz goraipatuko dute astebetean Amunarrizek arraunean izan duen ibilbidea. Uda polita bizi izan du Ioseba Amunarrizek aurtengo denboraldian: “Postu onak egin ditugu. Txarrena hamaikagarrena izan da, haize aldaketagatik egin genuena. Besteak zazpitik behera egin ditugu eta horrek esan nahi du Kontxan egongo garela. Kuadrilla polita dugu eta lan ona egiten badugu, hor egongo gara”. Denboraldiko balorazio positibo honek “lasaitasuna” ematen dio patroiari asteazkenean izanen duten Kontxako Banderaren sailkapen estropadarako, nahiz eta argi dioen “estropada zaila” dela eta lan ona egin behar dela horretarako. Edonola ere, bertze behin, Ama Guadalupekoaren arraunlarien gaitasunak goraipatuko ditu Amunarrizek, bere erranetan horiek izan baitira patroi onenaren saria lortzeko arrazoia: “Onena izateko kuadrilla ona behar duzu. Ematen du patroi onenaren saria patroiarena bakarrik dela, baina kuadrilla osoaren lanarena da. Aurrekari ona behar duzu ziabogak egiteko eta arraunlari onak ere azken luzeak ondo egiteko”. Lan horrek guztiak beraz, ekarri dio hondarribiarrari bosgarren aldiz Euskolabel Ligako patroi onenaren saria eskuratzea, aurtengoan bigarren urtez segidan. Galiziako azken estropadan jantzi zuen txapela, patroi gisa duen ibilbide luzea goraipatuz. Erraz erraten baita Ioseba Amunarrizek 30 urte baino gehiago daramatzala Hondarribia Arraun Elkartean patroi lanetan, lehenik bigarren ontzian, azken 25 urteetan ordea, lehenean. Mende laurden horretan, Mikel Orbañanos entrenatzailearekin egin du bat eta ibilbide oparoa izan dute biak, guztira TKE Ligako 84 bandera, Kontxako bost eta hiru TKE Liga irabazita. Garaipen guztiak “garrantzitsuak” direla onartu du Amunarrizek, baina benetan lagungarri izan dena klubak eurengan jarri duen konfiantza dela azpimarratu du: “Klubak konfiantza eman gaitu eta Mikelekin ere asko ikasi dut. Ongi egin ditugu gauzak elkarrekin. Momentu ez hain onak ere egon dira, baina horiei ere erraz eman diegu buelta. Elkarrengan konfiantza asko dugu, gauzak argi esaten ditugu eta familia handi bat gara, horregatik daramatzagu hainbeste urte”. Herriko semea izanda gainera, klubean egondako urte guztiak harrotasunez daramatza patroiak, kalean ere sumatzen baitu jendearen babesa handia dela. “Etxeko arraunlariak, harrobian heziak, ikustea gustatzen zaio herriari. Jendeak etxekoak garelako jarraitzen gaitu eta hori entzutea pozgarria da”, gaineratu du. Hain zuzen ere, hori da Hondarribia Arraun Elkartearen “bizkarezurra”. “Ahal diren gehienak etxekoak izatea eta kanpotik etortzen direnak gehitzeko izatea”, dio Amunarrizek. Momentuz lortu du taldeak oinarri hori mantentzea eta argi ikusi zen hori Galiziako uretan asteburuan: “Asteburuan harrobiko hamabi arraunlari izan genituen borrokan, lanean, eta horrek ematen dit poza, jakitea klubak osasun ona duela. Gazteak datoz eta badakite posible dela horra ailegatzea, lan ona egiten badute. Guk hartu dugun hori haiek ere hartuko dutela”. Hain zuzen ere, hori izanen da irailaren 7an hondarribiarrek Amunarrizi eginen dioten aitortzaren arrazoietako bat. Hondarribiko Udalak urtero Herriko Urrezko Intsignia banatzen du eta herritarrek bozketa bidez erabakitzen dute zein herriko semek edo alabak merezi duen hori. Aurtengoan, Ioseba Amunarriz izan da aukeratua, etxean osatu duen kirol ibilbide luzea kontuan hartuz. Patroiarentzat “ohore handia” da ikus bereizgarri hau jasotzea: “Urte asko daramatzat herriko izena eramaten eta bueltan dator aitortzea. Herriak nahi du nik intsignia jasotzea eta eskertzekoa da jendeak eman nauen maitasuna”. Garaipenak eta porrotak dira kirolari baten ibilbidean nabarmentzen diren momentu ohikoenak; batean pozak, bertzean tristurak azpimarratzen direlarik. Garai ilunenak aipatzerakoan, argi du Amunarrizek “ziaboga txar baten ondorioz, galdu genuen Liga” dela pena handienarekin oroitzen duena. Momentu loriatsuen artean berriz, azken aldian bizitako bat ekarri du solasaldira: “Askotan garaipenak hartzen ditugu burutan jakinda nola etorri diren, zenbat egin dugun horiek lortzeko. Hala ere, aurten semearekin egin dut estropada bat. Nirekin bizi izan dute beraiek lortu duten guztia eta orain, beraiek hori nahi dute eta hori bilatzen ari dira. Bultzada emateak eta nire ibilbidea jarraitzeak ematen dit poz gehien”. Gibeletik heldu direnak ere izan ditu hizpide patroiak, etorkizuna indartsu eta gogoz heldu baita. Asteburuan bertan ikusi ahal izan ziren harrobiko hamabi arraunlari uretan Galizian, baita Martin Muñoz patroi lanetan ere. Alarma txikia piztu zuen horrek zaleen artean, zalantzan jarri baitzuen Amunarrizen jarraipena Ama Guadalupekoan. Hala ere, berak ez du bere erretiroa baieztatu: “Ez dut deus pentsatu. Asteazkenean dut burua. Aurtengo denboraldia ahalik eta modu txukunenean bukatzea gustatuko litzaidake. Etorkizuna dator, hori egia da, eta etorkizun ona gainera. Bukatzen dugunean pentsatuko dut zer nahi dudan eta zer den onena denentzat, baita Martinentzat ere. Orduan pentsatuko dut segitu edo ez, edo klubean esku bat botatzen aritu”. Azken hori baita argi dagoena, klubean eta arraunari lotuta jarraituko duela hondarribiarrak, “etxeko harrobiko sentimendu hori transmititzen”, ikasitakoa ondorengoei erakusten alegia.