Ioseba Amunarrizek jasoko du Hiriko Urrezko Intsignia aurtengo Hondarribiko jaietan

2026/08/27
Ama Guadalupekoa traineruko patroiak 409 boto jaso ditu herritarren parte-hartzea sustatzen duen ekimenean, Izugarria Konpartsak (323) eta Done Pedro Itsasgizonen Kofradiak 184 boto lortu dituzten bitartean. 2002tik hondarribiarren patroi lanetan, eskuratutako garaipen kolektibo eta pertsonalak ez ezik, Ioseba Amunarrizek «arraunaren ikur bilakatu eta olatu artean, estropadaz estropada, Hondarribiaren izena eta herri baten harrotasuna urrun eraman dituela» nabarmendu du Hondarribiko Udalak.
Ioseba Amunarrizek jasoko du Hiriko Urrezko Intsignia aurtengo Hondarribiko jaietan
Hondarribiko Jaiak ditugu ate joka, eta udalak atzo aditzera eman zuenez, irailaren 7an egin ohi duten Hiriko Urrezko Intsigniaren ekitaldian, Ioseba Amunarriz omenduko dute. Azken urteetan herritarrek proposatutako aukeren artean bozkatzen dute herriko ohore handieneko aitortza nori egin, eta aurtengo hiru finalisten artean gailendu da Hondarribiko Ama Guadalupekoa traineruko patroia. 409 boto eskuratu ditu Ioseba Amunarrizek, 323 jaso ditu Izugarria Konpartsak, eta 184 boto lortu ditu Done Pedro Itsasgizonen Kofradiak. Iaz baino bozka gutxiago bildu ditu ekimenak aurten. Joan den urtean guztira 1.876 lagunek bozkatu baitzuten, eta orduan Alberto Lasa Ansalasek jaso zuen Hiriko Urrezko Intsignia. Aurreko bi urteetan, aldiz, Gloria Gonzalez-Aseginolaza biologo eta terapia genikoaren ikertzaileak, eta Carol Atxukarro Gonzalez, zinema makilatzaile, ile-apaintzaile eta LGTBIQ+ ikurrak jaso zuten izendapena. Irailaren 7an herriko jaietan hiriko izendapen edo aitortzarik gorena erabakitzeko herritarrek proposatu eta bozkatzeko eredua abian jarri zuen udalak 2023an. Eta oraingo honetan, herriaren nortasunari estuki lotua dagoen arraunari erreparatu diote hondarribiarrek. Alde horretatik, herriko Ama Guadalupekoaren ikur da Ioseba Amunarriz. 1991 urtean hasi zen Arraun Elkartean, eta 1993an B traineruko lemazain lanetan hasi zen. Gerora lehen trainerura jauzia eman eta 2002tik izan da Hondarribikoen branka gidatzen. Kontxako bandera ez ezik, Gipuzkoako eta Euskadiko hainbat txapelketa ere irabazi ditu urteotan guztiotan. Eta hiru alditan izendatu dute TKE Ligako patroirik onena. Hain justu, aurten ere, Caixabank patroien sailkapenean lehen postuan aurkitzen da 139 punturekin, eta 14 puntuko aldea ateratzen dio Donostiarrako Arkaitz Diazi. Udalak nabarmendu duenez, «baserriko semea izanik, itsasoan ikur bilakatu da, olatu artean, estropadaz estropada, Hondarribiaren izena eta herri baten harrotasuna urrun eraman dituelako». Urte hauetan guztietan «erakutsitako lanak, leialtasunak eta konpromisoak» Hondarribiko arraunaren ikur bihurtu dutela goraipatu du Hondarribiko Udalak, eta herriaren izena eta harrotasuna itsasoan zabaltzen lagundu duela.