Irun Txingudi Rugby klubak lankidetza hitzarmena sinatuko du Donibane Lohizuneko Olympique taldearekin
Irun Txingudi Rugby klubak lankidetza hitzarmena sinatuko du Donibane Lohizuneko Olympique errugbi taldearekin. Urtarrilaren 11n, 14:00etan Donibaneko SJLO klubaren egoitzan izenpetuko duten mugaz gaindiko akordio honek, bi kluben arteko harremanetan pauso berri bat suposatuko duela aditzera eman dute. Zehazki, izenpetze ekitaldi ofiziala SJLO eta Stade Langonnais artean 15:15ean jokatuko den Federal 2. Nazio mailako 13. jardunaldiaren aurretik egingo dute.
Lankidetza hitzarmenaren helburu nagusia bi kluben, bi hirien, eta lurralde beraren bi aldeetan kirol, hezkuntza eta kulturan oinarritutako lankidetza egituratzea da. Kirolaz haratago doan hitzarmena dela nabarmendu dute, izan ere, gazteengan jarrera komuna piztea du helburu, errugbia, euskararen erabilera eta bi hirietako gazteen arteko harreman iraunkorrak eraikitzeko tresna izan dadin.
Honakoa ez da Irungo klubak Lapurdiko errugbi taldeekin duen aurreneko harremana. Izan ere, Sarako Izarrak eta Stade Hendayais klubekin harreman estua izan baitu azken urteetan. Eta Plaiaundin ere, hainbat dira ibilitako alde bateko zein besteko jokalari eta trebatzaileak. Denboraldi honetan, hain justu, taldera bueltatu diren jokalariez gain, staff teknikoak ere aldaketak izan ditu aurten Zaisa Txingudirentzat, eta azkenekoa Marc Dufrèche entrenatzaile berriaren inkorporazioa izan da. Donibane-Lohizunen 1971n jaiotakoa, Stade Hendayaisen hasi zuen bere ibilbidea errugbian.
Urte berriko lehen partidak
Bestalde, Txingudi Rugby Klubaren gizonezkoen taldea izango da 2026 honetan jokatzen aurreneko taldea. Beste talde guztiek atsedena baitute beraien txapelketetan. Sailkapenean hurbil dabilen Uribealdea B jasoko du Plaiaundin larunbatean 16:00etatik aurrera. Iñigo Camarero eta Marco Dufrèchek zuzendutako jokalariak laugarren postuan kokatzen dira 19 punturekin, play-offerako sarbidea ematen duen bigarren postutik hamahiru unitatera. Gertuago dago asteburuko aurkaria, Mungiako taldeak Txingudik baino sei puntu gutxiago baititu eta zazpigarren sailkatua da. Pasa den denboraldiko neurketetan, Zaisa Txingudik Mungian irabaztea lortu zuen eta, aldiz, etxean galdu zuen. Igoera fasea jokatzea helburu nagusia izaten jarraitzen du, hortaz, mugakoek ezin dute puntuak gehitzeko aukera galdu behar.