Jostaldiko harmailak bete eta emakumeen palada biziak gozatzeko deia luzatu du Emeki elkarteak

2025/05/14
Maiatzaren 17, 25 eta 31n Jostaldin jokatuko dute Emakumeen X. Pala Txapelketa. Mementoz, Bidasoaldeko hamar bikotek izena eman dute, eta partida ikusgarriak izango direlakoan, harmailak betetzeko deia luzatu du Emeki elkarte antolatzaileak. Oraindik ere apuntatzeko aukera badago emekiemakumelkartea@gmail.com helbidera idatziz.
Jostaldiko harmailak bete eta emakumeen palada biziak gozatzeko deia luzatu du Emeki elkarteak

Iaz bik jantzi zuten txapela, Agurtzane Berastegi Aizpurua eta Loiola Zuazu Iñarra, baina denak atera ziren irabazten. Emeki emakumeen elkarteak, pala emakumeak ahalduntzeko kirola aproposa izan zitekeela sinestuta, 2019an martxan jarritako proiektuak bere fruituak eman ditu, eta Bidasoaldeko hogei emakume biltzen dira astero Jostaldin palan entrenatzeko.

Erroetara itzulitako txapelketa

Maiatzaren 17, 25 eta 31n Emakumeen X. Pala Txapelketa antolatu dute, eta denbora epe labur batean klasiko bilakatu bada, 90. hamarkadan bilatu behar dira ekimen honen erroak. Mariaje Berrotaran Emekiko kideak gogoratzen digunez, 1995etik 1998ra hainbat txapelketa antolatu zituen emakume talde batek, baina boluntariorik ez zegoenez ez zuen jarraipenik izan. Garai hartan bera ere ibili zen palan. 

Orain, aldiz, antolakuntzan dabil, eta pandemiaren aurretik hasi baziren erreleboa hartu nahian, ikastetxeetan lanketa sakon bat eginez ekin zioten. 2019an Talaia, Egiluze eta Ama Guadalupekoa eskoletako neskek kirola egin zezaten, Emakumeen Pilota Elkartearekin lankidetzan 'Eman Pilotari' ekimena abiatu zuten. Gaur egun 6-13 urte arteko hogei bat neska-mutil elkartzen dira asteartero 17:00etan Jostaldin pala hastapenak egiteko ikastaroetan, eta ondoren helduek ere entrenatzen dute.

Pala txapelketaren kasuan, ordea, maiatzaren 17 eta 25ean helduen lehia izango da, eta maiatzaren 31ko finalak jokatzeaz gain, haurren lehiaketa ere antolatu dute. «Haurrentzat berezia da kamiseta eta txuriz jantzitzea partidak jokatzeko, eta Jostaldi bezalako frontoi dotore batean aritzeko aukera», dio Berrotaranek.

Soroetatik Jostaldirako jauzia

Aurreko urteetan txapelketa Soroetako frontoian jokatu ondoren, iaz Jostaldira jauzia eman zuten, eta balorazio baikorra egin dutenez, errepikatu egingo dute. «Udalaren babesa dugu alde horretatik», aitortu digu antolatzaileen artean dagoen Tzane Carrillok, «eta txapelketari beste maila bat emateaz gain jokalarientzat, trebatuak daudenez partida biziak eta maila polita erakusten dute, beraz harmailak betetzeko deia egin nahi dugu».

Txapelketa ez da ofiziala, baina azken urteetan Emeki elkarteak bultzatutako proiektuak dinamika oso bat sortu du eskualdean, eta Emekik berak azaroaren 25 eta martxoaren 8aren bueltan, edota herriko jaietan antolatu ohi dituen Bixi-Bixi Pala Txapelketa saioetan bezala, urtero antolatzen duen hitzordu honek arrakasta bildu du. Herrikoak ez ezik, eskualde osoko emakumeak aktibatu eta martxan jarri dira palan jokatzeko. Irunen ere, Atxiki pilota eskola berrian ohartu dira, eta emakume talde bat astero elkartzen baita Uranzu frontoi txikian entrenatzera.

Lehia gutxienekoa bada ere, ez da faltako. Baina palada hotsen arteko sororitatea nagusi izango duen txapelketan parte hartzeko deia luzatu dute, maiatzaren 17, 25 eta 31n. Txapelaren bila joango dira Jostaldira, eta parte hartu nahi duen emakume oro, oraindik ere garaiz dabil emekiemakumelkartea@gmail.com posta elektronikoan izena emateko.