Mariño Real Unionek bertze berdinketa bat erdietsi zuen Oiartzunen kontra

2026/02/03
Talde irundarrak banako berdinketa erdietsi zuen Oiartzunen kontra, pasa den igandean etxean. Golik gabeko lehen zatia jokatu ondotik, bigarrenean ailegatu ziren bi golak. Lehena oiartzuarrena izan zen, Mariñokoei baloia ebatsi ostean. Horren ondotik, buru-belarri aritu ziren etxekoak markagailua berdintzeko eta azken minutuetan lortu zuten, puntu bat gehiago batzeko sailkapenera.
Mariño Real Unionek bertze berdinketa bat erdietsi zuen Oiartzunen kontra
Mariño Real Union 1
1 Oiartzun KE
Mariño Real Unionek galdu gabe segitzen du 2025eko azarotik. Asteburu honetan ere, bertze berdinketa bat erdietsi zuten etxean, Oiartzunen kontra, bukaera bitarte lehian egon ondotik. Golik gabeko lehen zati bat jokatu zuten bi taldeek. Ninbe Lizardi jokalariak kontatu bezala, etxekoak erasoan gogor jokatzen saiatu ziren, baina “ez genituen aukera onak harrapatzen”. Horrela, atsedenaldira, 0-0ekoarekin joan ziren bi taldeak. Bigarren zatian berriz, “lokartuta” zelairatu zirela aitortu du Lizardik eta hori ongi aprobetxatu zutela oiartzuarrek: “Lehen hiru pasetan baloia galdu eta gola sartu ziguten”. Horren ondotik, berdinketaren bila joan ziren irundarrak eta "aukera gehiago” sortu zituztela azpimarratu du jokalariak. Hala ere, kosta egin zitzaien baloia ate barrura sartzea, 92. minutura arte itxaron behar izan baitzuten horretarako. “Bukaera arte lehiatu ginen, ahal genuena egiten, eta azkenean berdinketaren gola sartu genuen”, gaineratu du. Azken jokaldietan markagailua iraultzen ere saiatu zen etxeko taldea, baina ezinezkoa izan zen hori. Berdinketarekin beraz, puntu bat gehiago poltsikoratu du taldeak. Bertze partidu batzuekin alderatuta, “hobeki aritu gintezke” dio Lizardik, baina pozik gelditu ziren lortutakorekin. 18 punturekin guztira, sailkapeneko zortzigarren postuan dago kokatuta Mariño Real Union. Heldu den asteburuan, Tolosa hartuko du Galen, larunbatean (otsailaren 7an), 15:30ean.