Mariño Real Unionek ezin izan zuen Bilbao Artizarrak garaitu

2026/03/10
Talde irundarrak joko ona erakutsi zuen eta baloiaren jabetza izan zuen, neurketa gehienean zehar. Markagailua berdintzeko aukerak ere izan zituen, baina azkenean ez zen posible izan eta aurkariak eraman zituen jardunaldiko hiru puntuak. Penaz bukatu zuten asteburuko hitzordua Mariñokoek, nahiz eta hobeak izan ziren sentsazioarekin borobildu zuten jardunaldia.
Mariño Real Unionek ezin izan zuen Bilbao Artizarrak garaitu
Mariño Real Union 1
2 Bilbao Artizarrak
Mariño Real Unionek 1-2ko markagailuarekin galdu zuen asteburuan Bilbao Artizarrak taldearen kontra. Bigarren zatian sartu zituzten gol guztiak, lehena aurkariarena. Talde irundarrak emaitza berdintzea lortu zuen eta garaipena ere eskura izan zuen, nahiz eta azkenean, bigarren gola bilbotarrena izan zen eta beraiek eraman zituzten jardunaldiko hiru puntuak. Lehen zatiko lehen minutuak “txarrak” izan ziren Mariño Real Unionentzat. Ninbe Lizardi jokalariak kontatu bezala, “kolpe anitz egon ziren eta ez genuen baloia ukitu. Baloia airean egon zen eta korrika egin behar izan genuen”. Momentu hori pasatuta, bere lekua aurkitzen joan zen talde irundarra, nahiz eta aukera garbirik ez sortu. Horrela, hutsera berdinduta ailegatu ziren bi taldeak atsedenaldira. Bigarren zatian, hobeki zelairatu zen etxeko taldea. “Baloia gehiago ukitzen hasi ginen eta, nahiz eta ez genituen eduki nahi bezainbertze aukera, bukaera arte saiatu ginen”, erran du Lizardik. Bi taldeak ere garaipenaren bila aritu ziren bigarren zati honetan eta lehen gola bilbotarrek sartu zuten: “Korner batetik sartu zuten gola. Zortea eduki zuten”. Ondotik, berdinketaren gola ailegatu zen eta pozez bigarrenaren bila hasi ziren gogor Mariñokoek. Hala ere, penalti baten bitartez, aurkariak sartu zuen bigarrena. “Penaz hartu genuen. Hala ere, aukerak sortzen hasi ginen orduan, berdinketaren bila. Ez genuen lortu sartzea eta horrela bukatu zen partidua”, adierazi du jokalariak. Nahiz eta hiru puntuak lortzearen helburua ez lortu, “bukaera bitarte saiatu” ziren irundarrak garaipena lortzen eta hori balioan jarri nahi izan du Lizardik. Porrotarekin, baina sentsazio onekin bukatu zutela alegia.