Mariño Real Unionek puntu bat atera zuen Elorrioren kontrako partidutik
2026/02/25
Talde irundarrak ez zuen nahi bezalako jokoa zelairatu, aurkariaren menpe aritu baitzen ia partidu guztian zehar. Hala ere, bigarren zatian, aukera pare bat eduki zituzten Imanol Gomezen jokalariek, nahiz eta ezin izan zituzten gauzatuz. 0-0eko markagailuarekin bukatu zen partidua eta, ez bazen neurketarik hoberena izan, puntu bat atera zuten aurkari zail baten kontra.
Mariño Real Unionek 0-0 berdindu zuen Elorrioren kontra asteburuan. Neurketa nahiko”itsusia” izan zela onartu du Ninbe Lizardi jokalariak, “ez hagitz ona” irundarrentzat. Lehen zatian baloiaren gibeletik aritu zirela ere argitu du: “Lehen zatian beraiek nahi zuten jokora aritu ginen. Kolpe anitz egon ziren eta ez genuen ia baloia ukitu, baloiaren gibeletik egon ginen. Intentsitate handia ere izan zuen partiduak eta baloiak erraz galtzen genituen, aurkariak oso fuerte joaten baitziren bere atzetik”.
Aukera gutiko lehen zatia izan zen beraz, Mariñokoentzat eta atsedenaldira, 0-0ekoarekin joan ziren. Entrenatzailearekin hitz eginda, “motibaturik” zelairatu ziren berriz ere bigarren zatirako. Azken 45 minutu hauetan euren lekua hobeki hartu zuten berdegunean irundarrek eta “aukera pare bat eduki” zituztela ere azpimarratu dute, nahiz eta ez ziren ate barrura sartu. Hala ere, “baloia gehiago mugituta”, sentsazio hobearekin bukatu zuten jardunaldia, 0-0eko berdinketarekin ere, baina puntu bat gehiago poltsikoratuta: “Ez genituen hiru puntuak lortu, baina puntu bat eskuratu genuen talde zail baten kontra eta hori ere ona da”. “Hobe aritzen” ahal zirela ere aitortu du Lizardik, baina “partidu desegokia” izan zela ere aipatu du eta beraz, puntua baliagarritzat eman du.
Puntu bat gehiagorekin, Mariño Real Union bederatzigarren postuan dago, 19 punturekin. Heldu den asteburuan, atsedenaldia izanen du berriz ere taldeak, eta martxoaren 8ko asteburuan jarriko da berriz ere martxan, Bilbao Artizarrak taldearen kontra etxean izanen duten partiduarekin.