Maxime Luzik irabazi du Bidasoa Itzuliaren lehen etapa
2026/05/08
AVC Aix Provence Dole taldeko txirrindularia izan da azkarrena Guadalupetik Jaizkibelera. 8:24.97 minutu behar izan ditu frantsesak lau kilometroak osatzeko eta liderraren maillot horia jantzi du, mendiko elastikoa janzteaz gain. Lehen euskalduna berriz, BBK Euskadi taldeko Marco Martin izan da, bigarren sailkatu baita gaurko erlojupekoan, Luzi baino ia bi segundo gehiago behar izan baititu ibilbidea osatzeko.
Hasi da Bidasoa Itzuliaren 52. edizioa. Zerua estalita zegoen arren, euri tanta guti batzuk bertzerik ez dira erori arratsalde osoan zehar eta 147 txirrindulariek lehorrean osatu dute lehen etapa, Guadalupetik Jaizkibelera bitarteko lau kilometroak hain zuzen ere. Iaz bezala, erlojupeko batekin eman diote hasiera lasterketari eta, iaz bezala ere, irabazleak zortzi minuturen bueltan osatu du ibilbidea. Maxime Luzi izan da txirrindulari hori, AVC Aix Provence Dole taldekoa. 8:24.97 minutu behar izan ditu frantsesak eta azkarrena izanda, bera izan da gaurko irabazlea, baita liderraren maillot hori jantzi duena. Gainera, mendiko maillota ere bereganatu du, hiru puntu batu baititu sailkapen horretan gaur egindako lanarekin.
Bigarren postuan berriz, BBK Euskadi taldeko Marco Martin sailkatu da (8:26.64), azkarrena izan den euskalduna. Maillot horia zuen honek desio eta helburu horrekin irten da ibilbidea osatzera. Azkenean, ezin izan du hori lortu, baina pozik gelditu da egindako lanarekin eta bihar, lehen euskaldunaren maillot zuriarekin aterako da bigarren etapan denbora berreskuratzeko helburuarekin. Hirugarrenean berriz, Finisher/Kern Pharma taldeko Luis Alberto Lajarin (8:31.38) sailkatu da, berak eramanen du Luzik eta Marcok jantzi ezingo duten mendiko maillota. Azkenik, lehen bidasotarra Mikel Arriet Atondo etxalartarra izan da (Oreka IT-Zuia), 9:02.20 minutuko denboran osatu baitu honek erlojupekoa. Erreferentziarik gabe atera da hau, ibilbidea osatzen lehen txirrindularia izan baita, bat dortsala zeramalako soinean eta ederki moldatu da portuko malda eta bihurguneetan.
Abraham Olano Bidasoa Itzuliko zuzendariak lehen eguneko balorazio positiboa egin du. “Txirrindulari guztiek beraien %100a eman dutela” azpimarratu du eta denetan lan onena egin duena irabazi duela. Hala ere, gaur lortutako denborak ez dira erabakigarriak izanen, proba hasi bertzerik ez delako egin eta bi egun gogor dituelako tropelak aitzinetik. Biharko etaparik luzeenera begira jarri da Olano, 163,3 kilometro osatu beharko baitituzte txirrindulariek, Arantzatik Etxalarrera, Lizarrietako lepora, joanen den ibilbidean. Hiru mendate ere igo beharko dituzte, Zigako mendatea (3.), Belateko mendatea (1.) eta Orokieta (3.). Igoeran bukatuko dute bihar lana txirrindulariek eta taldea pusketan ailegatuko dela aurreikusi dute antolatzaileek. “Ihesaldiak sortuko” direla ere dio Olanok, nahiz eta “denak nahiko batera” ailegatzeko ahalegina eginen duten, hirugarren egunerako indarra gorde beharko dutelako.