Milan Nijsek (DL Chemicals) altxatu ditu besoak Berako helmugan

2025/05/09
Amaiurtik bigarrenez pasatzerakoan lortu du Nijsek, bertze sei txirrindularirekin batera, garaipena eman dion abantaila txikia. Azalean min ematen zuen euri zaparradari aitzin eginda, tarteari eutsi dio lasterketa buruak. Beran sartuta, eta Eztegara Pasealekua begi bistan izanda, txirrindulari belgikarrak gerri kolpea eman eta lehen postuan gurutzatu du Berako helmuga.
Milan Nijsek (DL Chemicals) altxatu ditu besoak Berako helmugan
Ziklix Photo

Bidasoa Itzuliaren bigarren eguna Iruritan hasi da, Baztanen. 140,4 kilometro zituzten aitzinetik irteera hartu duten 126 txirrindulariek, guztiak Nafarroan barrena, eta Elizondora bidea hartu dute segidan, Amaiurko bukletik lehen pasaera egiteko. Berriz ere Iruritara bueltan, Oihan Goenaga (Electro Alavesa) izan da tarteko helmugatik pasatzen lehena. Tropela elkarrekin zihoan oraindik ere eta Malerrekara pasatu dira honela, Saldiaseko igoerari hasiera emateko. 

Bigarren mailako mendatea igotzen, Finisherrek jo du lehen kolpea, Iker Gomez txirrindulariarekin, mendiko saritik lehen postuan pasatuta eta sailkapenera puntuak gehituta. Hortik behera tropela oraindik ere elkarrekin zihoan, nahiko luzatua bada ere. Hor hasi dira ihesaldiaren lehen saiakera. Saldiasetik behera, Doneztebera bidean, 50 txirrindularik osatutako talde bat saiatu da tartea irekitzen eta, maldan behera, hiru zatitan banatu da azkenik. Malerrekako herri handienetik pasatzerakoan, 40 segundukoa zen lehen taldearen aldea bigarrenarekin. 

Baztanen sartu da orduan tropela, berriz ere Amaiurko buklea egiteko, eta Iruritako tarteko helmugan Jose Maria Martin (Extremadura) izan da puntuak eskuratu dituenak. Bi taldeak elkartzen hasi dira orduan, Amaiur herriko arkuaren azpian, eta behin bukleari bukaera emanda, lehen bi taldeak elkartu egin dira, 30 segunduko tartean hirugarren zutelarik. Iruritarako bidean, bi txirrindulari saiatu dira aitzinetik joaten. Extremadurako Jose Maria Martin zen horietako bat, azken tarteko helmugan puntuak atera nahi zituena. Bertzea, Finisherreko Luis Alberto Lajarin, liderraren maillotaren bila zihoana. Martinek bere helburua lortu du eta ondoren, bertze bortz txirrindularirekin batera, zazpiko talde batean egin dituzte etaparen azken kilometroak: Sevane Matossian (AVC), Dario Giuliano (Caja Rural Alea), Luis Alberto Lajarin (Finisher), Marc Torres (Cortizo), Milan Nijs, Thibaut Ponzaerts (DL Chemicals) eta Gari Ugarte (Euskadi). 

Bortzirietara bidean, 45 segunduko aldea zuten lasterketa buruak eta herrian sartuta, Eztegara Pasealekua begi bistan zuela, gerri kolpea eman eta Milan Nijsek altxatu ditu besoak, lau segunduko aldearekin, Martinen eta Ponzaerts taldekidearen aitzinetik. Liderraren maillota ere eskuz aldatu da gaurko egunean eta atzo hirugarren sailkatu zen Lajarin izanen da bihar horiz jantziko dena. 

Podiumari begira, Lajarin izan da gazterik hoberena gaurkoan, Martin tarteko helmugetako liderra, Iker Gomez (Finisher) mendiko sarikoa eta Gari Ugarte (Euskadi) lehen euskalduna. Hauetaz gain, lehiakortasuna ere saritu dute eta etxeko txirrindulariak eraman du garaipena, Eibar Txirrindularitza Taldeko Mikel Irigoien beratarrak. Momentu hunkigarria izan da sari banaketa, izan ere, bere aitak eman dio Irigoieni garaikurra, Katea Bikek babestutako saria baitzen eta Joxemi Irigoien da Berako enpresako jabea. Mikel Irigoien berak aitortu du lehiakortasuna irabaztea zela bere gaurko helburua: “Jakinda etxean bukatzen genuela, ihesaldia bilatzea eta lehiakortasuna irabaztea ziren gaurko helburuak. Doneztebera bidean saiatu naiz, lehen 40 kilometroetan, baina ezinezkoa izan da. Gero sufritu dut, baina baita gozatu ere. Etxean beti gozoa da lehiatzea, eta jende ezagunak zu animatzea. Aitak saria ematea ere pozgarria izan da eta disfrutatzen ari naiz”.

Hirugarren eta azken etapa Hendaiatik Irunera

Bihar, maiatzaren 10ean, ospatuko da 2025eko Bidasoa Itzuliaren hirugarren eta azken etapa. Hendaian hasiko dute txirrindulariek eguna. Gaur irteera hartu duten 126 lasterkarietatik, 91 gelditzen dira lehian, eta hortik aterako da 51. edizioaren garailea.  Hendaiatik Hondarribiara pasatuko da tropela eta hor hasiko dira mendateak kateatzen. Gurutze (3. maila), Aritxulegi (1, maila), Agiña (1. maila), Piedad (3. maila), San Martzial (2. maila) eta Erlaitz (1. maila) gainditu beharko dituzte txirrindulariek, Irungo Kolon Pasealekura ailegatu baino lehen. Guztira, 102,5 kilometro eginen dituzte bihar, motza baino exijente den azken etapa batean. 

Jorge Garcia Bidasoa Itzuliko zuzendariak argi du lasaitasun eza izanen dela bihar nagusi: “Lehia eta lasaitasun eza izanen dugu biharko etapan. Gogoz nago. Gaurkoa exijentea izan da, erorikoak ere izan ditugu, nahiz eta ez den ezer larririk gertatu, eta bihar bukatzeko gogoz nago. Gaur eguna salbatu dugu eta, hemendik aurrera, biharko etapa oso lehiatua izango da”. 

Estatuko afizionatu mailako lasterketarik garrantzitsuena bere azken txanpan sartua dago, eta bihar bertan erabakiko da zein den historiako garaileen zerrendan bere izena gehitzen duen hurrengo txirrindularia. Sei mendateetan barrena, eta errepide estuetan hortzak estututa, 51. Bidasoa Itzulia irabazi ez ezik, ohorea ere irabaziko du lehen postuan helmugaratzen den lasterkariak. Luis Alberto Lajarinek (Finisher) du lau segunduko abantaila, Sevane Matossianen (AVC) aitzinetik. 18 segundura du gaurko irabazlea, Milan Nijs (DL Chemicals).