Mutilak ere Kontxan ariko dira hurrengo bi igandetan, sailkapen garbia eginda
Bi metro eta erdiko olatuak eta itsaso zakarra zegoen atzo Donostian, baina ez zen ezustekorik izan Kontxako gizonezkoen sailkapen estropadan. Ama Guadalupekoak lan txukuna egin zuen, eta ligako sailkapenean bezala, Getariaren aurretik amaitu zuen, laugarren. Berez, 21 lehiakideen artean zazpi txartelak Eusko Label ligako lehen zazpi ontziek eskuratu dituzte: Urdaibai, Orio, Zierbena, Hondarribia, Getaria, San Juan eta Isuntza. Donostiarra ere ariko da datozen bi igandeetan, baina ez du sailkatze estropada jokatu behar izan, hura baita Donostiako trainerua.
Mikel Orbañanos entrenatzailea pozik azaldu da «itsaso zakartua bazen ere, arraunlariek maila polita eman dutelako, eta zoriontzeko delako Hondarribiko bi traineruak, neskak zein mutilak, Kontxan ariko direla». Izan ere, atzo Miren Garmendia emakumezkoen patroiaren pozari, Joseba Amunarrizek gidatutako eskifaia ere Donostian lehiatuko da hurrengo bi igandetan, irailak 7an eta 14an.
Igande honetan, Urdaibai, Orio, Getaria eta Zierbena izango dira lehen txandan. Eta Donostiarra, Isuntza, San Juan eta Hondarribia bigarrenean.
Bestalde, hondarribiarren ezagun zahar batek historia egin du ere. Osertz Aldai Isuntzako entrenatzaileak Kontxara sailkatu du Lekeitioko taldea 26 urte geroago. Jaiak dira Lekeition. Baita Hondarribian ere, eta irailaren 7an, igande honetan begi bat Donostian izango dute arraunzaleek, pleno egin baitu Arraun Elkarteak, neska eta mutilen sailkapenarekin.