Osertz Alday izanen da Hondarribiako emakumeen traineruaren entrenatzailea
Osertz Alday hondarribiarra izanen da Hondarribiako emakumeen traineruaren entrenatzailea datorren 2025/26 denboraldian. Azken hamar urteetan Lekittarra ontziko arraunlariak prestatzen egon ondotik, etxera bueltatuko da Alday, erronka berriei aitzin egiteko. Isuntza traineruarekin KAE1 Ligatik TKE Ligara igotzea lortu zuen hondarribiarrak eta azken denboraldian ere, lan bikaina egin du, ontziak Kontxako Banderan parte hartzea lortu duelarik. Orain, ETE Ligara jeitsi berri den Hondarribia Bertako Igogailuak taldea gidatuko du Aldayk, lehen mailan begirada jarrita.
Hondarribiak Arraun Elkarteak jakinarazi zuen atzo Osertz Alday izanen dela 2025/26 denboraldiko Hondarribiako emakumeen traineruaren entrenatzailea. Aldayk berak iragarri zuen duela egun batzuk Lekitioko Isuntza Lekittarra Arraun Elkartea utziko zuela eta horren ondotik etorri da azken orduko albiste hau.
Hondarribiarrak etxera bueltatzeko hautua egin du, Lekittarran hamar urte eman ondotik. Urte emankorrak izan dira gainera prestatzailearentzat, izan ere, 2015ean KAE1 Ligan lehiatzen ziren lekeitiarrak eta hiru urteren buruan, TKE Ligara igotzea lortu zuten. 2024/25 denboraldi honetan gainera, lan bikaina egin dute arraunlariek. Zazpigarren izan dira Euskolabel Ligako sailkapen orokorrean eta horrez gain, 26 urteren ondotik, Donostiako Kontxako Banderan egon dira lehian.
Hamar urteren ondotik, bukaera eman dio etapa honi Osertz Aldayk, aldaketa bat egiteko hain zuzen ere. Aldaketa etxera bueltatzea izanen da, Hondarribiako emakumeak entrenatzako helburuarekin. Erronka berri bat izan da hondarribiarrarentzat, izan ere, bertako trainerua Euskotren Ligatik ETE Ligara jeitsi zen denboraldi honen bukaeran eta beraz, berriz ere gora begira egonen den talde bat gidatuko du Aldayk.