Puianako BTT zirkuitu berritua estreinatuko dute larunbateko txapelketan
2026/01/28
Irungo Udalak, Irunes Txirrindularitza Taldeak eskatuta, Puianako BTT zirkuitua hobetu du zenbait lan eginda. Klubeko txikiek neguko entrenamenduak bertan egiten dituzte eta beraz, hobekuntzak ezinbertzekoak ziren. Zirkuitu berritua urtarrilaren 31n ospatuko den BTT Lasterketarekin estreinatuko dute.
Irungo Udalak Puiana auzoan kokatua dagoen BTT zirkuitua handitu eta berritu du, Irungo Txirrindularitza Klubaren ekimenez. Izan ere, klubeko txikiek zirkuitua erabiltzen dute neguan, errepidera ateratzea zailagoa baita eta horretarako, ezinbertzekoak ziren egin beharreko aldaketak. Horrez gain, larunbat honetan, urtarrilaren 31n, BTT Txapelketa bat antolatu du Irunesek eta beraz, zirkuitu berria estreinatzeko momentu aprobetxatuko dute.
Urtarrilaren 27an aurkeztu zituen Irungo Udalak, Irunes Txirrindularitza Klubarekin batera, Puianako BTT zirkuituan egindako hobekuntza lanak. Borja Olazabal kirol zinegotziak kontatu bezala, “Irunesek Udalari aipatu zion zirkuituak hobekuntza lanak behar zituela eta elkarrekin lan egin dugu horiek egiteko. Guretzat garrantzitsua zen zirkuitu hau egoera onean edukitzeko, neguan entrenamenduak egiten dituelako klubak hemen”. Horrez gain, larunbat honetan, urtarrilaren 31n, BTT Txapelketa bat antolatu du Irungo klubak eta 200 neska-mutiko baino gehiago ariko dira lehian zirkuitu berritua estreinatzen. Oinarrizko kirola sustatzeko helburuarekin, zehazki 250 txirrindulari ariko dira txapelketan, kimu, benjamin eta haurren kategorian. Lehenik, benjaminak hasiko dira lehian, 15:00etan. Ondotik, kimuen txanda izanen da, 15:30ean, eta haurrek itxiko dute txapelketa, 16:15ean.
Txapelketa dela eta, Udaltzaingoak jakinarazi du lasterketak eragina izanen duela trafikoan, 15:00etatik 18:00etara arte. Zehazki, Puiana hiribidea itxita egonen da Ospitale kalera bidean, Gebara eta Hagina kaleen artean, eta ibilgailuek Gebara kaletik desbideratu beharko dute. Puiana hiribideko 4 eta 14 zenbakietako garajeen erabilera, berriz, probaren bilakaeraren arabera erregulatuko da.