Ramses Gil: “Orain artekoan bezala prestatu dugu partidu hau, nahiz eta helburuak lortu eta aske sentitu”
2026/04/10
Real Unionek Ejea bisitatuko du bihar, apirilaren 11n, 17:00etan. Lehen RFEF Mailako taldea izanen dela jakinda eginen du bidaia hori, denboraldiko azken txanpan. Talde txuribeltzak ez du deus jokoan eta lasaitasun eta askatasun horrekin eginen dio aitzin biharko aurkariari. Hala ere, orain artean bezala, lehiakorrak izaten saiatuko direla argi dute eta hiru puntuak poltsikoratu nahiko dituzte.
Real Unionek Ejea bisitatuko du bihar, apirilaren 11n, 17:00etan. Denboraldiko helburu nagusia lortuta eginen du bidaia, Lehen RFEF Mailara igoera alegia. Lasaitasunez eta askatasunez prestatu du talde txuribeltzak biharko partidua, baina intentsitatea eta lehiakorrak izateko grina alde batera utzi gabe. Horrela, garaipenaren bila joanen dira bihar Ejea de los Caballeros-era, Ligako txapeldunak direla erakustera.
Ramses Gil entrenatzaileak “egun zoriontsuak eta ospakizunez beteak” izan dituztela onartu du. Pasa den asteburuan lortu zuen Real Unionek igoera, denboraldiko helburu nagusia, eta hori “anbiziotsua” zenez gero, behar bezala ospatzeko aukera izan du taldeak, Irungo Udaletxean jasotako harrera barne. Hala ere, ez dute lehiaketa alde batera utzi, honek oraindik ere aitzinera segitzen duelako, nahiz eta azken txanpan egon. Hain zuzen ere, bihar bertan jokatuko du talde txuribeltzak hurrengo partidua, Ejearen kontrakoa. “Orain artekoan bezala prestatu” dute neurketa, “lasaitasunez eta aske”, baina “intentsitate maila berarekin eta lahiakorrak izateko grinarekin”.
Lanak eginda eta helburuak lortuta ere, taldeak motibatuta segitzen du eta horrela adierazi du Gilek ere: “Presiorik gabe zailagoa da jokalariak motibatzea, baina ahal bezainbertze eginen dugu hori. Poztasunetik eta lasaitasunetik jokatuko dugu partidua, baina taldeak lanean berdin segituko du eta bere lehiakortasun maila ere ona izanen da”. Alde horretatik, deialdia eta hamaikakoa osatzerakoan, "orain artean bezala” ere, ez dute “oparirik egingo, ezta konpentsaziorik ere. Elkarren arteko errespetuarekin” ariko dira, beti errendimendu altua erakustearen alde.
Ejea sailkapeneko azken postuetan badago ere, “maila altuko taldea” dela azpimarratu du prestatzaileak. “Desorekatzen duten jokalariak dira eta partiduaren kontrola edukitzeko gaitasuna dutenak”, gaineratu du. Real Union, defentsiboki “maila bera mantentzen ez” duen arren, baloiaren jabetza edukitzen saiatuko da garaipena ere eskuratu ahal izateko. Hori izanen da helburua, hiru puntuak poltsikoratzea eta Ligako txapelduna dela zelaian erakustea.