Santiagotarrak txapeldunorde Espainiako Slalom eta Kayak Cross Txapelketetan

2025/08/12
Kluben sailkapenetan lortu dute zilarrezko domina irundarrek eta hortaz gain, banaka, bertze hamabi domina eskuratu dituzte ur bizietako piraguistek: urrezko hiru, zilarrezko bi eta brontzezko zazpi.
Santiagotarrak txapeldunorde Espainiako Slalom eta Kayak Cross Txapelketetan

Santiagotarrak klubeko ur bizietako piraguistak Espainiako Slalom eta Kayak Cross Txapelketetan izan dira lehian berriki. Lan ona eginda eta emaitza bikainak bilduta, kluben sailkapenean, txapeldunorde izatea lortu dute irundarrek bi lehiaketetan. Hortaz gain, bertze hamabi domina eskuratzeko gai izan dira, urrezko hiru, zilarrezko bi eta brontzezko bertze zazpi. 

Slalom kategorian, K1 gizon beteranoen artean, Ander Diez izan zen garaile eta bere taldekidea den Ekhi Diez bigarren. K1 emakume beteranoetan berriz, Jone Otañok lortu zuen brontzezko domina. C1 emakume seniorretan, Klara Olazabalek ere hirugarren bukatu zuen lehia, eta C1 emakume juniorretan Maria Garciak gauza bera egin zuen. C1 gizon juniorretan, Oier Diazek lortu zuen lehen postua. 

Slalom patruiletan, C1 emakume juniorren kategorian, Maria Garciak, June Bajok eta Haizea Celayak lortu zuten urrezko domina. C1 gizon seniorretan berriz, Oier Diaz, Haritz Azanza eta Javier Arruabarrena hirugarren izan ziren. K1 emakume seniorretan ere brontzezko domina eskuratu zuten Klara Olazabalek, Ainara Azanzak eta Izar Garciak. K1 emakume juniorrei dagokionez, Udane Ortega, Maria Garcia eta Haizea Celaya txapeldunorde izan ziren. 

Azkenik, Kayak Cross modalitatean, emakume seniorrei dagokionez, Ainara Azanza hirugarren izan zen eta gizon seniorretan, postu bera lortu zuen Aitor Iriondok.