Txingudi Rugby Klubak Emakume Errugbi Eguna ospatuko du larunbatean

2025/09/25
Irailaren 27an, Plaiaundin, ospatuko da topaketa eta goiz osoko egitaraua prestatu dute horretarako. Entrenamendu saio bat, tokata txapelketa, hirugarren denbora eta Biok Txingudiren lagunartekoa ikusteko aukera izanen dute Irungo zelaian. Helburua emakumeen errugbia sendotzeko apustuan indarra egiten segitzea izanen da, baita emakume gehiago euren proiektura batzera ere.
Txingudi Rugby Klubak Emakume Errugbi Eguna ospatuko du larunbatean

Emakume Errugbi Eguna ospatuko du Txingudi Rugby Klubak heldu den larunbatean, irailaren 27an, Plaiaundiko zelaian. Azken urteetan Irungo kluba emakumeen errugbiaren alde lanean ari da eta honekin, taldearekin duen konpromiso hori berretsi eta sendotu nahi du. Horretarako, gaur egun emakume senior taldea osatzen duten jokalariek parte hartuko dute topaketan, baita errugbi probatu nahi duten emakume guzti horiek ere, adina kontuan hartu gabe. Izan ere, klubak eskaintza berri bat du aurtengo ikasturterako eta jokalari berriak batzea nahi du.

Egitarauari dagokionez, 11:00etan hasiko da Emakumeen Errugbi Eguna, Plaiaundin eginen den entrenamendu saio berezi batekin. Bertan parte hartuko duten emakumeek elkar ezagutzea eta errugbiarekin lehen kontaktu bat izatea izanen dira jarduera honen helburuak. Honen ondotik, 12:00ak aldera, “tokata” txapelketa bat ospatuko da entrenamenduan parte hartu duten jokalariekin. Plakajerik gabeko errugbi modalitatea da eta baloia azkarrago mugitu behar da defentsan zuloak aurkitzeko. Eguerdian, 14:00etan, hirugarren denbora dastatzeko aukera izanen dute partehartzaileek eta orduan, opariak ere banatuko dira. Bien bitartean, Biok Txingudi senior mailako taldeak aurredenboraldiko lagunartekoa jokatuko du Plaiaundin, Zaragozako Ibero taldearen kontra. 

Klubetik aipatu dutenez, aurten ere apustua egin nahi dute emakume senior taldearen alde. Xabi Sanchez zuzendaritzako kideak erran duenez, “urteak eman ditugu ahaleginetan emakumezkoen senior taldea atera nahian eta gure momentua duela hiru denboraldi iritsi zen. Orain, talde honek harrobia behar du eta horretan ari gara”. Horretarako, harrobia eta taldea bera sendotzeko, emakumeei zuzendutako eskaintza berria plazaratu du klubak. Irailetik aitzinera, astelehenetan, 18:00etatik 19:00etara, emakumeentzat soilik izanen diren entrenamenduak eskainiko dituzte, plakajerik gabeko modalitatea praktikatuz. Sanchezek azpimarratu duen moduan, “gure kirola ezagutzen ez dutenei sarbidea errazteko” helburua izanen dute saio hauek. Txingudi Rugby Klubak larunbateko jardunaldia mugarria izatea nahi du, emakumeen errugbiaren alde orain arte egindako lanak aitzinera segi dezan. 

Aurredenboraldiko bertze hitzorduak

Txingudi Rugby Klubeko bertze hainbat taldeek ere konpromezu ezberdinak izanen dituzte asteburu honetan, aurredenboraldiaren barrenean kokatuko direnak. Alde batetik, 16 eta 18 urtez azpiko taldeek pasa den asteburuan eman zioten hasiera aurredenboraldiko lagunartekoei. 16 urtez azpikoek Iruña eta Madrilgo Arquitectura izan zituzten arerio eta 18 urtez azpikoek berriz, Argentinako Euskal Extra eta La Unicaren kontra jokatu zuten. Oraingo honetan, bi taldeak Hernanin izanen dira larunbatean, 10:30ean, bertako taldearen kontra bigarren lagunartekoa jokatzeko. 

Seniorrak ere larunbat arratsaldean lehiatuko dira Mutriku eta Zaragozako Iberoren kontra. Aurredenboraldiko lagunarteko hau etxean jokatuko da, Plaiaundin, 16:00etan. Pasa den asteburuan ere Uribealdearen kontra jokatuko zuten hauek eta sentsazio honekin bukatu zuten, denboraldiari begirako prestaketak ongi dijoaztela ziurtatuz. 

Asteburu honetako egitaraua ixteko, 14 urtez azpikoek Bera Bera eta Zarautz/Beltzak taldeak jasoko dituzte Plaiaundin ere. Lagunarteko hauek igandean jokatuko dira, 11:00etan.