Txingudi Rugby Klubeko bi talde nagusiek Plaiaundin jokatuko dute asteburuan
2026/02/12
Biok Txingudik jokatuko du lehenik, larunbatean (otsailaren 14an) 15:00etan, Hernaniren kontra. Neurketa erabakigarria izanen da, sailkapeneko azken postutik ateratzeko aukera izanen delako. Ondotik, Zaisa Txingudik izanen du partidua, 17:00etan, Mutriku taldearen kontra. Igoerako postuak urrun baditu ere, etxeko taldeak ahalegin guztiak eginen ditu puntuak batu eta gora egiteko.
Txingudi Rugby Klubeko senior mailako bi taldeek etxean jokatuko dute asteburu honetan, zehazki larunbatean, otsailaren 14an. Biok Txingudik jokatuko du lehenik, 15:00etan, Hernaniren kontra. Senior mailako emakumeek ez dute oraindik punturik batu denboraldi honetan eta beraz, aukera ezinhobea du oraingoa, sailkapeneko azken postutik ateratzeko. Aurkaria bere aitzinetik dago orain, hiru punturekin, eta beraz, garaipena eskuratuz gero, postu bat gorago egonen litzateke mugako taldea.
Ondotik, 17:00etan, Zaisa Txingudiren txanda izanen da. Senior mailako gizonek Mutriku jasoko dute etxean. Igoera postuak urrun ditu mugako taldeak, baina ez du amore eman nahi eta puntuak batzeko helburua izanen du berdegunean, azken aukerak agortu bitarte. Jokatzen duten bitartean, adi egonen dira bertze zelaietan gertatzen denaz, lortzen dituzten emaitzek baldintzatuko dutelako bidasotarren kokapena.
Gazteenen hitzorduak
16 urtez azpiko Txingudi/Baztan/Orereta taldeak Arrasaten jokatuko du larunbat honetan ere, 10:00etan, Hiruherriren kontra. Lehen itzuliko azken jardunaldia izanen da eta garrantzitsua izanen da taldearentzat bertan puntuak eskuratzeko, Euskadiko Txapelketan egoteko aukera oraindik irekita edukitzeko.
Azkenik, 18 urtez azpiko Gabiria Txingudi/Baztan taldea igandean arituko da etxean, Plaiaundin, La Unicaren kontra. Partidua 13:00etan izanen da eta hau ere lehen itzuliko azken jardunaldia izanen da.