Txingudi Rugby Klubeko senior mailako taldeek etxetik kanpo jokatuko dute asteburuan
Txingudi Rugby Klubeko senior mailako taldeek etxetik kanpo jokatuko dute asteburu honetan. Zaisa Txingudiko gizonezkoek Urgozo bisitatuko dute bihar, azaroaren 8an, 16.00etan. Bidasotarren aurkari zuzena da momentu honetan talde hau, bien artean puntu bakar bateko aldea baitago. Beraz, sailkapeneko goiko postuetatik hurbil mantentzeko erabakigarria izanen da biharko partidua mugakoentzat.
Biok Txingudiko emakumeek berriz, Hernaniren kontra jokatuko dute asteburu honetako jardunaldia. Hauek ere etxetik kanpo jokatuko dute bihar, 16:30ean. Elkar ongi ezagutzen dute bi talde dira, izan ere, pasa den denboraldian Hernaniko taldeko zenbait jokalari Plaiaundin aritu ziren txuribeltzekin. Hala ere, ez dira kikilduko eta duten ezagutza baliatuko dute denboraldi hasieran izan duten bolada txarrari buelta emateko.
14, 16 eta 18 urtez azpikoak Plaiaundin izanen dira
Plaiaundi ere errugbizaleez beteko da asteburuan, 14, 16 eta 18 urtez azpiko taldeak bertan ariko baitira lehian. Lehenik gazteenek izanen dute hitzordua, Gipuzkoako Ligako lehen jardunaldia jokatuko baitute bertan. Bihar, azaroaren 8an, 10:00etan hasiko da 14 urtez azpikoen partidua eta Ordiziaren kontra ariko dira. Aurredenboraldiko lagunartekoetan sentsazio onak bildu ditu taldeak, eta prest dago ikasitako guztia zelaian erakusteko.
Horren ondotik, 16 urtez azpikoak lehiatuko dira. Euskal Ligako A multzoko jardunaldia jokatuko dute, 11:30ean, Gernikaren kontra. Partidu honen ondoren, sailkapenean lehen zortzi postuetan sailkatzen direnak Euskadiko Txapelketan lehiatuko dira beraz, neurketa garrantzitsua izanen da Txingudirentzat, bertan egon nahi badu garaipena eskuratu behar duelako.
Azkenik, 18 urtez azpiko taldeak aurkari bera izanen du, Gernika, larunbateko hitzorduen zerrenda itxiz. Lehen faseko azken partidua izanen da eta taldea sailkapeneko azken postuan dago, beraz badaki hurrengo fasea B multzoan jokatuko duela. Dagoeneko dena erabakita badago ere, denboraldiko lehen garaipena eskuratu nahi du taldeak etxean, lehen fase hau sentsazio onekin bukatzeko.